Amagoia Mujika
Gaur8ko koordinatzailea
Interview
Xabi Iraola
Sortu-ko herrigintzako arduraduna

«Garai honi erantzungo dion eta erronka berrietara egokituko den herrigintza praktika bat behar dugu»

Otsailaren 4an Burlatan izango da Plaza Hutsa, herrigintzaren inguruan gogoeta egiteko plaza. Euskal Herriaren motor eta akuilu izan da herrigintza, herriaren nortasunaren marka. Baina garai batean izandakoak ez du balio egungoa astintzeko, pizteko. Gaur egungo munduari lotutako herrigintza aktibatzeko garaia dela uste du Sortuk.

(Argazkiak: Andoni CANELLADA | FOKU)

Bizi duen garaira lotutako herrigintza eta errealitateari zuzen erantzuten dioten politika publikoak. Uztarketa horretan ikusten du etorkizuna Sortuk, publikoaren eta komunitarioaren arteko elkarlanean. Zer gogoetatu badagoela konbentzituta, Plaza Hutsak hitzordua jarri du otsailaren 4an Burlatan.

Plaza Hutsaren beste edizio bat. Zein da helburua?

Duela urte batzuk Sortuk herrigintzari buruz gogoeta egiteko martxan jarritako espazioa da Plaza Hutsa. Aurtengoa guretzat berezia da bi arrazoirengatik; batetik, pandemiaren osteko lehenengoa da eta hiru urteko eten baten ondoren dator. Denbora luzea daramagu esaten munduan aldaketa handiak ematen ari diren garaian gaudela eta pandemiak aldaketa horiek bizkortu egin dituela. Beti dauka zentzua herrigintzaren inguruan gogoeta egiteak eta orain, arrazoi horiek tarteko, are eta handiagoa. Garaiak eskatzen du une batez geratzea eta munduari begirada bat ematea.

Eta, bigarrenik, iaz Sorturen hirugarren Kongresua egin genuen eta horretatik gatoz. Erdigunean jarri genuen ideietako bat da herri honek Euskal Herritik Euskal Herrirako nazio bulkada bat behar duela, herrigintza erdigunean jarri behar dugula eta horretarako zenbait erabaki hartu genituen antolaketari begira. Batetik, Plaza Hutsa urtean behin egitea eta, bestetik, guretzat estrategikoak diren eremuetan sare bana antolatzeko konpromisoa hartzea.

Testuinguru horretan dator Plaza Hutsa eta bi helburu nagusi jarri dizkiogu: oro har, herrigintzaz gogoeta egitea, tarte bat hartzea herrigintzak estrategia independentistan eta estrategia independentistak herrigintzan zein leku daukaten hausnartzeko. Eta, bigarrena, eremu espezifiko bakoitzean ere gogoeta egitea bidea nondik egin beharko genukeen pentsatzen hasteko.

Hiru urteko etenaren ondoren dator, eta ez nolanahiko etena. Pandemiak gauza asko bizkortu ditu, beste asko apaldu. Herrigintza da Sortuk uneotan daukan kezketako bat?

Bai. Hainbat denborazkotasun nahasten direla uste dut. Batetik, pandemiarena. Pandemia batetik gatoz, denon bizitza zeharkatu du goitik behera eta horrek markatu egiten du. Baina, gure ustez, badago beste bat, luzeagoa edo zabalagoa, ziklo historikoarena. Ezker abertzaletik Euskal Herriari begiratuta, gure ustez, badago herrigintza aro bat, XX. mendearen erdialdetik aurrera herri honetan martxan jarri zena. Aro horrek izugarri eman dio herri honi. Herri honek bizirik irautea bera ere ezin da ulertu herrigintzatik egindako lan hori gabe, eta aitortza izugarria behar du. Eredugarria da munduan; Europa mailan gutxi izango dira pareko ehun soziala daukaten herriak.

Baina ikusten ari gara herrigintzaren aro horrek agorpen zantzu batzuk erakusten dituela eta jauzi bat emateko unean gaudela. Aldaketa handien garai horri lotuta, Euskal Herrian herrigintza aro berri bat martxan jartzeko garaia dela uste dugu. Gure ustez, herri batek beti dauka ardura, beharra eta obligazioa etengabe garai berrietara egokitzen joateko, eta are gehiago, estaturik gabeko herria izanda.

Askotan eztabaida antzuetan galtzen gara: lehen baino hobeto edo okerrago ote gauden, herrigintza itzalita ote dagoen... Eztabaida horiek ez garamatzate inora. Euskal Herria bere osotasunean hartuko bagenu, segur aski itzalaldi hori ez litzateke homogeneoa izango. Adibidez, azken urteotan Nafarroan edo Ipar Euskal Herrian aurrerapausoak egin dira herrigintzan. Guretzat eztabaida ez da hainbeste lehen baino hobeto edo okerrago ote gauden: uste dugu agortze zantzuak daudela, baita kimu berriak ere. Une honetan garai honi erantzungo dion eta erronka berrietara egokituko den herrigintza praktika bat, herrigintza aro bat, behar dugu. Guretzat inoiz baino garrantzitsuagoa da herrigintza sustatzea eta garai berriek markatutako erronkei erantzutea. Eta uste dugu herri honek horretarako gaitasun nahikoa duela.

Indar komunitarioak aktibatu behar dira eta herrigintza praktika horiek politika publiko sendoekin josi behar dira. Indar horiek uztartu eta josiz gero, herrigintza aro berri bat martxan jar daitekeela uste dugu.

Batzuetan ez ote zaigun ahazten nondik gatozen, herrigintza zer nolako motorra izan den gure herriarentzat.

Guretzat eredugarria da azken hamarkadetan herri honetan egin dena, aitortza ikaragarria merezi du, eta horretatik irakaspen batzuk ere atera behar ditugu. Irakaspen horietako bat da herrigintza une askotan politika publikoen aurretik joan dela. Euskararen kasuan, adibidez, zalantzarik gabe herrigintzatik eman zaio bultzada; politika publikoak baino lehenago herrigintza hasi zen euskararen irakaskuntzari eta alfabetatzeari bultzada ematen. Edo azken urteei begiratuta, pandemiaren gogorrenean ere zaintza sareak herrigintzatik hasi ziren antolatzen. Zalantzarik gabe, herrigintza izan daiteke bideak ireki ditzakeen praktika bat.

Euskal Herria, nahi bada, anomalia politiko bat da; ez da ohikoa gure herriaren ehun soziala. Baina ezin gara bizi behin izan ginenaz edo behin egin genuenaz. Herrigintza praktika horiek etengabe eraberritzen joan dira, baina iruditzen zaigu berrikuntza horiek bizkortu edo aktibatu behar direla. Mundua izugarri aldatzen ari da; edo gu egokitzen gara behar berrietara edo zenbait praktika zaharkituta geratzeko arriskua dugu. Belaunaldi bakoitzak dagokion tokitik, eskura dituen tresnekin eta bizi duen garaian bultzatzen ditu bere borrokak. Bide horretan, gure belaunaldiari dagokion misioa ondo identifikatu behar dugu. Eta guk uste dugu misio hori estatu bat eraikitzea dela. Herri honetan hamarkada luzeetan herrigintza eraikuntza eta erresistentzia uztartuz egin da eta orain dagokigun egitekoa hori da; herrigintzatik estatu bat eraikitzeko praktika garatzea, herrigintza eta estatugintza uztartuko dituen praktika bat garatzea.

Euskal Herritik Euskal Herrirako nazio bulkada aipatu duzu.

Egiten dugunaren araberakoa izango da emaitza. Horregatik diogu ezin garela behin herri gisa izan ginenaz edo egin genuenaz soilik bizi. Zibilizazio krisiaren garai historikoan, ez da nahikoa orain arte egiten ari ginena. Sinetsita gaude herri-burujabetzaren aldeko ekimena biziberritzeak soilik eman diezaiokeela erantzun baikorra aro honi. Horrek, ordea, euskal egitasmo nazionalaren oinarri sinboliko eta materialak berritu eta nazio bulkada berri bat martxan jartzea eskatzen du. Herrigintza aro berri bat irekitzeko nazio bulkada, alegia.

Zertaz ari zara nazio bulkada diozunean?

Herri anbizioa igotzeaz, egitura nazional berriak sortzeaz, nazio harrotasuna berreskuratzeaz, eremuz eremu mugarri berriak jartzeaz, herri gogoa astintzeaz, herria aktibatzeaz... Azken batean, Euskal Errepublikaren eraikuntzaren bidea urratzeko jauzi herrigile bat egiteaz ari gara. Jauzi, erresistentzian bizi den herria izatetik aske bizi den herria izatera. Jauzi, katastrofismotik esperantzara. Jauzi, protesta hutsetik proposamenetara. Hori ez da bere kabuz gertatuko. Eragin egin behar da. Piztu.

Herrigintza. Horren baitan herria, herritarrez osatua. Herritar izateko modua ere aldatu da. Herrigintza aktibatzeko traba ere izan daiteke hori.

Agian, bai. Horretan ere gure historiari begiratu beharko genioke. Euskal Herria herri ekintzailea izan da, gure DNAn egon da herrigintzarako joera hori, hainbat motatakoa gainera; odol emaile izatetik mugimendu feministan parte hartzeraino. Kontua da herrigintza gaur egungo jendarte moldeetara egokitzea. Bistakoa da herritarrak gaur egun parte hartzeko beste modu bat duela; jendeak gehiago parte hartzen du bere oso gertuko gaietan, oso dinamika puntualetan, kezka propioei leku egiten dieten mugimenduetan... Azkenaldian asko hitz egiten da ni-a eta gu-a uztartzeko moduez. Akaso gu-a oso presente egon den fase batetik gatoz, kolektibotasuna gailendu den fase batetik, eta badirudi datorren korrontean norbanakoaren beharretan pisu handiagoa jartzen dela. Badirudi fase horretara goazela eta asmatu beharko dugu bide horiek ondo uztartzen. Zalantzarik gabe, gaur egungo dinamiketan norbanakoaren premiak eta kezkak kontuan hartu beharko dira, baina gaur egungo erronkei erantzuteko beharrezkoa da erantzun kolektiboak asmatzea. Hor dago jokoa: nola egin ni-a eta gu-a uztartu eta kolektibotasun berriak eraikitzen asmatzeko.

Horrez gain, aktibatzeko deia egitea beharrezkoa da. Batzuetan badirudi Amazonen jendartean bizi garela. Etxeko sofatik telefono mugikorretik zerbait eskatu eta etxean jasotzera ohitu gara; jendarte horretan bizi gara. Amazonen logoak ere irribarre bat irudikatzen du. Baina guk garbi dugu herri libre bat eta zoriontasuna ez dizkigutela etxeko sofara ekarriko: horien bila joan beharko dugu. Aktibaziorako deia egin behar dugu, beraz; gogoratu gure historia, nola herri ekintzaile bat izan garen; gaur egungo jendartera egokitu; praktika militante berriak aktibatu; garbi izanez jendarte aske bat, justuagoa, libreagoa, zoriontsuagoa... horren bila joanez eta borrokatuz bakarrik lortuko dugula.

Sumatzen da joera bat gaur egungo egoerak, errealitateak, erabaki politikoak kritikatzeko, baina distantzia batetik, parte hartzeko intentziorik gabe.

Politika espektakuluaren parte bihurtzeko arriskua ikusten dugu; nolabaiteko hooliganismo politikoa zabaltzeko arriskua. Norbere zilborrari begira egon eta kritika errazean erortzeko arriskua dago, norbera bere lubakitik. Eta kezkatzekoa da hori, eragile sozialak eta elkartegintza ere gero eta gehiago daudelako nor bere zilborrari begira. Horrek bereziki kezkatzen gaitu. Inoiz baino gehiago politikaren garaia da, politika letra larriz egiteko garaia; herrigintzatik egin behar den politikaz eta politika publikoez ere ari gara. Uste dugu biak beharrezkoak direla eta biak uztartzeko gai izan behar dugula. Hor dago, gainera, ezker independentistaren indarretako bat; politika instituzionalean indartsu dago, baita herrigintzan ere. Gu bietan gaude eta uste dugu guk egin dezakegun ekarpenetako bat hori dela, hain zuzen ere; politika publikoak eta indar komunitarioa uztartu eta hortik energia politikoak askatzea.

Indar komunitarioa diozu. Azkenaldian gertukoen arteko ezin ulertuak gailentzen ari ote diren...

Uste dugu gu bezalako herri txiki batentzat luxu bat dela jendarte eta herri espektatiba antzekoak ditugunen artean liskarrean aritzea. Kezkaz bizi dugu zenbait eztabaidaren aurrean azkenaldian sumatzen dugun bandalismo mota hori; oso modu bortitzetan, ezkorretan, besteari gauzak leporatzea, baino norberak ardurak eta konpromisoak hartu gabe... Uste dugu gu bezalako herri txiki batean antzeko espektatibak ditugunen artean adostasunak bilatu eta elkarlana sustatzeko gai izan behar dugula. Txikiak gara, txiki izaten jarraituko dugu, baina txiki askok elkarrekin gauza handiak egin ditzakegu; aldiz, elkarren kontra nekez egingo dugu ezer.

Azkenaldian zenbait eztabaidetan -hezkuntzarena edo energiarena, kasu-, ñabarduren politikan gabiltzala ematen du. Politika letra larriz egin behar badugu eta gauza handiak egin nahi baditugu, ezinbestean ñabardurak alde batean utzi eta benetan batzen gaituen gauzetan jarri behar dugu indarra. Guk herrigintza hortik ulertzen dugu eta hortik nahi dugu egin.

Politikaren balio unibertsalena edo onena berreskuratu behar da, horretarako garaia da, norbere lubakitik atera eta herrigintzaren praktiketara gerturatzekoa. Bakoitzak ikusiko du nondik aritu nahi duen, baina hor dago politika egiteko aukera. Denok dugu politika egiteko aukera.

Herritarrak bere eragiteko gaitasunean sinestea ezinbestekoa da herrigintza bizia egon dadin.

Bai. Ez dugu ahaztu behar herri honek herrigintzatik Lemoiz bezalako nuklear bat geratu duela; herri honek bi estaturen kontra armagabetze prozesu bat garatzea lortu duela; hainbeste urteren ondoren dispertsioa amaitzea lortu duela; Laborantza Ganbara bezalako proiektu bat sortu duela; Errigora bezalako ekimenak bultzatu dituela... Zalantzarik ez dago politikak eta herrigintzak emaitzak ematen dituztela eta borrokatzeak merezi duela. Horretan sinetsi behar da.

Baina arriskurik gabe, zikindu gabe, konpromisorik gabe, kontraesanik gabe, ez dago herririk. Aktibazio horrek zikintzera eraman behar gaitu. Eremu erosoetan geratzeko joera sumatzen da: ‘Hau da nire iritzia eta eztabaidak hemen hasi eta bukatzen ditut’. Eta guk uste dugu politikan ekiteko, aurrera urratsak egiteko, agertoki berriak irekitzeko, ezinbestekoa dela arriskuak hartzea, konpromiso berriak hartzea, onartzea eztabaida askotan gure posizioak ez direla %100ean aurrera aterako... Baina uste dugu aurrera egiteko modu bakarra hori dela. Guk ezker abertzale bezala apustu hori egiten dugu. Une honetan eragile izan nahi duen subjektua gara eta eztabaida guztietara konplexurik gabe posizio horrekin goaz; berdin hezkuntzaren eztabaidara edo trantsizio energetikoarenera. Edo guk hartzen dugun lidergotza eta eragiteko proposamen batekin goaz, edo beste batzuek hartuko dituzte erabakiak eta askoz okerragoak izango dira. Horrek esan nahi du kontraesanak asumitzea? Bai, kontraesan asko asumitzea esan nahi du. Baina une honetan arriskuak hartu behar direla uste dugu eta gu arriskuak hartzeko prest gaude. Horretarako unea dela uste dugu.

Herrigintza eta politika publikoak uztartu beharra aipatu duzu. Horrek gobernantza modu berri bat eskatzen du, baita herritar izateko modu jakin bat ere, ezta?

Galdera bat: trantsizio ekologikoari soilik politika publikoen bidez erantzun ahal zaio? Edo, alderantziz, trantsizio ekologikoaren erronkari autosufizientziaren bidetik eta kultura aldaketa bat eginez soilik erantzun ahal zaio? Guk uste dugu ezetz, biak behar direla eta biak uztartzeko gai izan behar dugula.

Guk uste dugu ezker independentistatik une honetan egin dezakegun herrigintza praktika horrek zalantzarik gabe ardatz publikoa eta komunitarioa uztartzeko gai izan behar duela. Eta horrek gobernantza eredu berri bat eskatzen du, eta eredu berri hori, gure ustez, baliagarria da erakunde publikoen eskala guztian. Guk udalgintzan daukagu batez ere indarra eta udalgintzan praktika horiek aurrera eramaten ditugu leku askotan; herritarrak udalgintzaren parte egin, horretarako espazioak sortu... Guk gobernatutako toki guztietan ahalegin hori egiten dugu; erakundeak eta herritarrak parez pareko espazioetan jarri eta politika publikoak garatzeko bideak jorratzen saiatzen gara. Eta uste dugu hori ez dela udalgintzarako alternatiba bakarrik; beste eskala askotarako ere balio du eta gobernatzera iristen garen toki guztietan hori praktikara eramango dugu. Une honetako klabeetako bat hori dela uste dugu: ardatz publikoa eta ardatz komunitarioa uztartzen asmatzea.

Herrigintzan parte hartzeko prest dauden belaunaldi berriak badatoz?

Nik ez nuke gazteen gainean jarriko herrigintzan ditugun arazoen zama. Badago horretarako joera eta ez zait egokia iruditzen. Hasteko, gazte kopurua jendartean askoz txikiagoa da eta horrek eragiteko gaitasuna mugatzen du. Baina, hori kenduta, uste dut egungo gazteria aktiboa dela, hainbat molde eta problematiketan aktibatzen dela uste dut.

Herrigintzaren balioen lausotze edo lanbrotze hori jendarte osoarekin lotzen dut nik. Lehen aipatu dudan Amazon jendartearen haritik, badago joera bat gauzak egintzat ematekoa. Adibidez, Baztandarren Biltzarrean errelebo falta dagoela esan dute. Segur aski hainbeste urtez antolatu denez, askok egintzat ematen du aurten ere norbaitek antolatuko duela. Horregatik da beharrezkoa etengabe herrigintza prestigiatzea eta nabarmentzea gauzak antolatzen eta egiten badira herrigintzari esker dela. Euskal Herria herri aktiboa dela esaten dugunean, ez da postureoa; herrigintzak urte askotan egindako lanaren emaitza da. Baina horrek berritze bat, prestigiatze bat eta aktibatzeko deia egitea eskatzen du. Maila batean Plaza Hutsa horretarako egiten da; batetik, herrigintza prestigiatzeko, daukan garrantzia emateko. Eta, bestetik, herrigintza aktibatzeko, indartzeko, sustatzeko. Gure apustua hori da.

SEI EREMU GOGOETA EGITEKO

Plaza Hutsan sei eremuren inguruan antolatuko da gogoeta eta bakoitzak tailer propioa izango du. “Ekologismoaren erronka Euskal Herritik”, lehena: «Gure herriak mugimendu ekologista garaikide bat behar du». Bigarrena, “Hizkuntzaren auzia problematizatzen”: «Garaia da hizkuntza politika berriak martxan jartzeko, lurralde administratibo bakoitzera egokituak».

Hirugarren tailerra, “Zor diguten bizitza feminismotik irabaztera goaz”: «Feminismoak erronka ugari ditu, tartean, zaintza. Zaintza sistema publiko komunitario bat behar dugu». Laugarrena, “Euskal Hezkuntzaren eraikuntzarako ibilbidea zehazten”: «Saiatuko gara irudikatzen egungo hezkuntza sistemetatik eraiki nahi dugun euskal hezkuntza sistema publiko, euskaldun, feminista eta burujabe horretarainoko bidea nondik egin». Bosgarren tailerrak “Euskal Nazio proiektua eta migrazioa” izango ditu ardatz: «Beharrezkoa ikusten dugu ezker abertzaleak gai honen inguruan egiten duen gogoeta berritzea. Eta, azkena, “Pobrezia eta bazterketa Euskal Herrian”. «Gero eta arrakala handiagoa dago aberatsen eta pobreen artean. Horri erantzun bat eman behar diogu herrigintzatik».