Itziar Elizondo
Harremanak Hezkuntza Elkarteko kidea
3 BEGIRADA:

Kontakizunetik kanpo

Historiaren eta Historiaurrearen kontakizunean apenas agertzen den emakumerik.
Historiaren eta Historiaurrearen kontakizunean apenas agertzen den emakumerik. (GETTY IMAGES)

Adinekook urte dezente daramatzagu emakumeen biografiak eta haien jakintzak deskubritzen, eskolako urteetan haien ezagutza ukatu baitziguten. Beraz, galdutako denbora berreskuratu behar dugu, eta, zorionez, asko eta asko dira, ukatu zaigun historia indibidual eta kolektiboaren hutsune hori betetzeko, haiei buruz argitaratzen diren nobedade editorialak.

Berriki Marga Sánchez Romero irakasleak kaleratutako “Prehistoria de Mujeres” (Destino, 2022) liburuan argi geratzen da, beste behin ere, idazketaren aurreko garai urruneko emakumeei buruz transmititu zaigun ikuspegi estereotipatua. Arkeologiak, hasiera-hasieratik, bere kontakizunetik kanporatu gintuen inolako irizpide zientifikorik gabe. Horren helburua zen gizonen eta emakumeen arteko desberdintasunak jatorrizkoak eta saihetsezinak zirela arrazoitzea, eta haiek gizarte gisa garenaren parte zirela. Diziplinari edukia eman zioten lehen arkeologoak, garaiko zientzia guztietan bezala, elite intelektual eta ekonomikoetako gizon europarrak ziren. Zehazki, XIX. mendean zehar ematen ari ziren aldaketa sozial, politiko, ideologiko eta ekonomikoek kezkatu eta interpelatu zituzten gizonak. Hala nola, mendearen bigarren erdian, sufragisten aldarrikapenak, eta horrek talka egin zuen une horretan ezarritako boterearen interesekin. Testuinguru horretan, iraganeko gizarteei buruzko diskurtsoek, bereziki historiaurrekoek, emakumeei eskubideak ukatzen lagundu zuten. Eta narratiba horrek gaur arte dirau. Ikusi besterik ez dago nola azaltzen diren gizon eta emakumeak museo arkeologikoetan.

DNAri esker, ostera, badakigu gaur egun Europa erdialdeko Brontze Aroan, armak dituzten hilobien %20-30 emakumeenak direla, guduetan aritutakoenak, burezurreko traumatismoak eta beren burua defendatzeko egindako zauriak dituztelako. Nolanahi ere, Sánchez Romerok dioenez, «ADNa eta gainontzeko teknologia guztiak gorabehera, galdera desberdinak egin beharko ditugu diskurtso historikoa aldatzeko. Zientzian, garrantzitsuena galderak dira, iraganeko gizarteari buruz galdetzen duguna».

Bestalde, arkeologia feminista iritsi arte zaintza-lanek izan duten irakurketa miope eta murriztailea salatu du egileak. Munduko gizarte guztietan ematen den zeharkako eta egiturazko jarduera bakarra da, ezin baita bizi elikatu, zaindu, gizarteratu, hezi eta sendatu gabe. «Hori historiatik atera dugu, garrantzitsua izan ez dadin. Azalpen historikoaren erdigunean jarri eta ulertarazi behar dugu jarduera horiek ezagutza handia eskatzen dutela eta ongizate orokorra sortu bai zaintzaileentzat bai zaintzak jasotzen dituztenentzat, gizon zein emakumeentzat». •