Ula Iruretagoiena
Arkitektoa
3 BEGIRADA:

Auzitegirako arkitektura

Ilustrazioa: ULA IRURETAGOIENA BUSTURIA
Ilustrazioa: ULA IRURETAGOIENA BUSTURIA

Arkitektoaren jardun nagusia etxeak egitea dela irudikapen sinplifikatu eta zaharkitutzat jo daiteke. Baliteke garai bateko arkitekto askoren egitekoa etxebizitza berriak eraikitzean (indibidual zein kolektiboetan) zentratu izana, baina arkitekto garaikidearen praktika askotarikoagoa da gaur egun; eraikuntzarik gabeko arkitektura-proposamenetan ere aritzen gara maiz.

Argitu dezagun: arkitektoak ez ditu eraikinak eraikitzen soilik. Arkitekturaren praktika garaikideak, espazioaren definizio materialean ez ezik, espazioak baimentzen dituen esperientzia eta gertakizunetan ere jartzen du atentzioa, hala nola eraikuntza sistemaren albo-ondorio guztietan: ekologikoak, ekonomikoak eta politikoak. Okupazio-mapa zabaldu horren baitan, hainbat esku-hartze maila daude, gainera; kudeaketa eta estrategiakoak, behin-behinekotasunekoak, gidalerroak ezartzekoak, metodologikoak... Eta zeresanik ez, arkitektoaren espazio-ezagutza eta sentsibilitatea beste jakintza batzuekin bateratu daiteke eraikin formarik gabeko proiektuen parte izateko; sukaldaritzan, eszenografian, musikan, zientzia-ikerketetan, publizitate-kanpainetan... Esan daiteke arkitektoaren ezagutzak, ingurunearen irakurketa materialerako ahalmena eskaintzearekin batera, hainbat teknika eta logikatako gaiak elkar-gurutzatu eta erlazionatzeko gaitasuna eta proiektu batean forma emateko trebetasuna ekartzen duela.

Badago Londresko arkitekto-bulego bat, zerrendatutako arkitektoaren-ahalmenak jardun berezi baterako erabiltzen dituena, gurean oraindik praktikatzen ez den arren: justizia edo giza eskubideak urratu diren egoeretarako arkitektura erabiltzea. Iraganeko gertaera batean, ekintza izan zeneko lekuaren 3D modelizazioa eta gertaeraren berreraikuntza, espazio eta denboran, hala nola bestelako dokumentu grafikoak sortzea oso lagungarria izan daiteke, demagun, polizia batek burututako jazarpena frogatzeko, estatuaren laguntzarik jaso ez duten migratzaileen aurkako politikak ikusarazteko edota probokaturiko suteak salatzeko unean. Arkitekturaren tresna eta jakintza erabiltzen dute auzitegietarako ikus-entzunezko frogagiriak sortzeko, beste jakintza batzuen elkarlanean, noski (kazetariak, artistak, zientzialariak, zinemagileak...).

Zeregin horretan, gertaerek eraikinetan eta lurraldearen azalean uzten dituzten arrastoen arkeologia-lana egiten da lehenik, eta ondoren, gertakizunaren inguruan jaso diren testigantzen bideo eta argazki sorta biltzen da. Gertaera ikuspegi eta denbora desberdinetan azaltzen duten material grafiko eta bisualak erabiliz, berreraikuntza egiten da, xehetasun eta orokortasunari begira. Askotan, oso lan teknikoak egin beharko dira; argazki-pixelaren analisi sakon bat irudian dagoena deszifratzeko, bonbardaketaren haizearen formaren edo soinuaren azterketa edo jaurtitako balak kale eta eraikinetan zehar egin duen ibilbidearen berreraikuntza. Imajina ezazue zer-nolako dream-team-a sor litekeen arkitektura forentseak Pako Etxeberria antropologoarekin taldea osatuko balu. •