Miren AZKARATE BADIOLA

Kantatu nirekin batera

Hausnarketa eguna dugu gaurkoa, hauteskunde egunaren bezpera. Karta guztiak jada mahai gainean daude, argi eta garbi, bakoitzaren eskaintzekin eta proiektuekin.

Alderdi politikoekin dugun harremana edozein harreman mota (lagunartekoa, senitartekoa, lan esparrukoa...) bezalakoa da, finean: batzuek maitasun itsua diote, besteek gustuko gauza batzuk ikusten dizkiote baina beste batzuk ez, batzuetan haserre daude eta besteetan pozik harekin… Baina maite dugu eta harekin nahi dugu egon.

Ezin omen da kanpainarik egin egun honetan eta beraz, ez dut egingo. Baina inork ez du esan ezin denik kantatu. Beraz, irakurle maitea, gaur mesedetxo bat eskatu nahi dizut. Kantatu nirekin ondorengo abestia; ez badakizu doinua, galdetu ondokoei eta animatu haiek ere zurekin eta nirekin abestera. Musika taldeari baimen diferitua eskatuko diot eta eskerrak abesti hau sortzeagatik. Hala ere, modaz pasatzea ere gustatuko litzaidake, alde batetik, seinale ona litzateke eta!

Denak prest?

«Jaio ginen bai, guda baten erdian, urteak pasa, ta berdinetan gaude. Ez esan inoiz, hau bukatua dago. Ez inoiz pentsa, bidea amaitu da.

Nik ez diat inoiz esango, hire egin beharra zein den, nik aspaldi egin nian aukera: jo ta ke irabazi arte!

Su ta gar, borrokan gelditu barik. Jo ta ke, gogor etsaiari! Su ta gar, etengabe gau ta egunez, jo ta ke, gogor etsaiari!»

Bada, horixe, ez dago maitasun perfekturik, izan lagun, bikotekide, lankide, ama, alderdi politiko… Baina abesti horrek, niri bezala, oilo ipurdia jartzen badizu eta dioenarekin bat egiten baduzu, goazen denok batera kantatzera eta dantzatzera, eta bihar… aurrera bolie!!! •