Asier AIESTARAN
ALZHEIMERRA IKERGAI

Kasuek ikaragarri egiten dute gora eta ikerketak ere etengabe argitaratzen dira

Osasunaren Mundu Erakundearen arabera, urtero 10 milioi alzheimer kasu berri diagnostikatzen dira, eta ez dirudi etorkizun hurbilean kopuruak behera egingo duenik. Industria farmazeutikoa hortzak zorroztuta dabil sendagai baten bila, eta ikertzaileentzat erronka handia bilakatu da. Euskal Herrian ere bada mugimendua.

Alzheimerraren eragina gero eta nabarmenagoa da gure artean, eta ikerketa munduak ere ez dio bizkar eman egoera horri.
Alzheimerraren eragina gero eta nabarmenagoa da gure artean, eta ikerketa munduak ere ez dio bizkar eman egoera horri. (NAEBLYS | GETTY IMAGES)

Azken hilabeteetan alzheimerraren inguruko albiste deigarriak pilatu egin dira komunikabideetan. Herrialde industrializatuetan jendartearen batez besteko adinak gora egin ahala, gaixotasun horren eragina gero eta nabarmenagoa da gure artean, eta ikerketa munduak ere ez dio bizkar eman egoera horri.

Lehenik, datuak. Osasunaren Mundu Erakundearen (OME) aurtengo datuen arabera, munduan 55 milioi pertsonak baino gehiagok du dementzia arazoren bat, eta urtero 10 milioi kasu berri diagnostikatzen dira. Horien artean, alzheimerra da gaixotasun ohikoena, dementzia kasu guztien %60-%70. Hilkortasun kausei dagokienez, zazpigarren postuan dago dementzia, baina adineko pertsonen desgaitasun eta dependentzia kasuen arrazoi nagusia da.

OMEk alzheimerrak jendartean duen inpaktu ekonomikoa ere aipatzen du bere txostenetan, eta bereziki emakumeengan duen eragina nabarmentzen du, gaixotasuna izateko arriskuagatik -bizi-itxaropen luzeagoari lotuta batez ere-, baina baita zaintza lanez arduratzen direlako ere -orduen %70 aipatzen du-. Urte gutxian, 2050erako, kasuen kopurua bikoiztu edo hirukoiztu egin litekeela ere aipatzen du, herrialdearen arabera.

Euskal Herrira etorrita, alzheimerra da dementziaren kausa nagusia 65 urtetik gorakoen kasuan. Euskal Autonomia Erkidegoaren kasuan, 2021ean talde horretan zeuden 481.363 pertsonen artean, 48.000 lagunek dementzia motaren bat zeukaten. Eta horietako %70ek (36.600 lagun inguruk) alzheimerra zeukaten. Alzheimerrak jotako gaixo bati arreta eskaintzeko lanak gutxi gorabehera urtean 31.000 euroko kostua zeukan familia batentzat, eta gaixotasuna gertutik bizi duten familiek urtero 1.400 milioi baino gehiago erabiltzen dituzte haien senideak zaintzeko.

Nafarroan, 2019ko datuen arabera, 5.527 pertsonak zuten diagnostikatuta dementzia motaren bat, 1.624 gizonek (%29,4) eta 3.903 emakumek (%70,6). Horietatik %70 alzheimer kasuak ziren. Hori bai, Nafarroako Gobernuak nabarmentzen zuenez, diagnostikatu gabeko kasuen kopurua oso aintzat hartzekoa da, %50 ingurukoa. Ipar Euskal Herriko datu zehatzik aurkitzerik ez dugu izan, baina frantziar Estatuan 900.000 pertsonak alzheimerra zutela argitaratu zen 2020an, eta urtero 225.000 kasu berri diagnostikatzen direla.

Amaia Arranz, Achucarro euskal zentroari atxikitako Ikerbasqueko ikertzailea. IKERBASQUE

Zergatiak ikertzen

Bistan da alzheimerrak suposatzen duen osasun arazoa handia dela, eta agian horregatik, etengabe iristen zaigu gaixotasunaren inguruko ikerketen berri. Azkenetako bat Achucarro euskal zentroari atxikitako Amaia Arranz Ikerbasqueko ikertzailea partaide duen nazioarteko taldearena da, "Science" aldizkarian argitaratu berria, eta gaixotasunaren ezaugarrietako bat den neuronen heriotza argitzen lagundu dezake.

Ikerketa talde honek giza-neuronen eta saguaren neuronen transplanteak egin zituen alzheimerren gaixotasuna zuen sagu-eredu baten garunean. Emaitzak harrigarriak izan ziren: giza-neuronetan baino ez ziren agertu gaixotasunaren markatzaileak, hala nola Tauren fosforilazioa, haril neurofibrilarrak eta, garrantzitsuena, heriotza zelularra. Era berean, eredu horretako giza-neuronek MEG3aren adierazpen sendoa zutela ikusi zuten, eta RNA ez-kodetzaile honen maila altuak alzheimerra duten pazienteengan ere agertzen dira. MEG3aren adierazpen altu hau giza-neuronen heriotza zelularrarekin lotuta dago. Zehazkiago esanda, MEG3ak “nekroptosia” deritzon heriotza zelularra eragiten du giza-neuronetan, zelula horien behin betiko galera eraginez.

«MEG3aren eta giza-neuronen nekroptosian duen eginkizunaren identifikazioari esker, sakonago ulertu ahal izango dira alzheimerren gaixotasunaren azpian dauden mekanismoak, eta horren harira, MEG3 helburu garrantzitsua izango da alzheimerra duten pazienteen neuronen heriotza prebenitzea xede duten etorkizuneko ikerketa eta terapietan. Garrantzi handiko aurkikuntza da, izan ere, heriotza neuronala alzheimerraren gaixotasunaren ezaugarri nagusia da, pazienteen defizit kognitiboen eta dementziaren eragilea», nabarmendu dute Ikerbasque fundazioko kideek berria ezagutarazteko argitaratutako prentsa oharrean.

«Heriotza neuronal honen azpian dauden mekanismoak sakon ulertzea funtsezkoa da tratamendu eta diana terapeutiko eraginkorrak bilatzeko. Honelako aurkikuntzek atea irekitzen diote zelula neuronalen galera prebenitzeko terapien garapenari, gaixotasunaren aurrerakada atzeratuz edo saihestuz», gehitzen dute Ikerbasque-etik.

Amaia Arranz ikertzailearen esanetan, «gure aurkikuntzak itxaropentsuak dira eta ikuspegi berriak zabalduko dituzte alzheimerren gaixotasunaren ikerketan. Giza-neuronetan heriotza neuronalaren mekanismo espezifiko bat identifikatu eta balizko tratamendu bat proposatzean, aurrerapauso garrantzitsua ematen ari gara gaixotasun honen aurkako terapia eraginkorrak bilatzeko bidean».

Lehen medikamentuak

Orain gutxi arte alzheimerraren sintomak modu eraginkorrean sendatzen edo arintzen dituen sendagairik ez da egon, baina, esan bezala, gaixotasunaren inguruko albisteak etengabe sortzen dira komunikabideetan, eta aurtengo udan zeresan handia eman du Donanemab medikamentuak. Alzheimerraren garapena mantsotzen omen du, eta nazioarteko ikerketa baten arabera, «inflexio puntua» izan liteke bere tratamenduan. Lecanemab botikaren antzekoa da, Estatu Batuetan onartuta dagoena, baina Europan ez.

Donanemab Eli Lilly farmaziak garatutako antigorputz monoklonal bat da, garunean beta-amiloide plakak erasotzeko eta kentzeko diseinatua, alzheimerraren garapenean eta progresioan paper erabakigarria dutela uste baita. Hedabideetan argitaratu denez, bigarren faseko "Trailblazer-Alz" izeneko ikerketa batean, Donanemabek emaitza oparoak erakutsi zituen beta-amiloidezko plaken pilaketa nabarmen murriztean, plazebo bat jaso zuen kontrol-talde batekin alderatuta.

Aipatu dugun bezala, emaitza horiek Lecanemabekin lortutakoen oso antzekoak dira. Bi sendagai horiek merkaturatzea lortu duten lehenak dira, aurrez beste askok porrot egin ondoren. Antzeko beste farmako askok ezin izan zuten frogatu haien eraginkortasuna saiakuntza klinikoetan. Bestalde, Aducanumab izeneko hirugarren farmako bat onartu zen Estatu Batuetan eztabaida handi baten erdian, baina azkenean frogatu zen, amiloide-plakak kentzeko gaitasuna izan arren, ez zuela lortzen gaixotasunaren progresioa geldiaraztea, eta baztertua izan zen (etengabeko ikerketa prozesu honetan, badaude gaixotasunaren garapenean amiloide-plakek duten garrantzia ezbaian ipini duten ikertzaileak).

"Trailblazer-Alz" ikerketan, guztira, alzheimer goiztiarraren sintomak zituzten 1.736 pertsonak hartu zuten parte, eta Donanemab edo plazebo bat jaso zuten zain barnetik lau astean behin. Ikerketaren egileek diote, urte eta erdi igaro ondoren, ikusi zela medikamentua jaso zutenen narriadura %38,6 txikiagoa zela plazeboa jaso zutenekin alderatuta.

Gaineratu zutenez, Donanemab jaso zuten pazienteen ia erdiek ez zuten inolako narriadurarik izan saiakuntza klinikoaren lehen urtean. Halaber, datuek adierazten dute medikamentuaren eragina epe luzekoa dela. Amiloide-plakak kendu eta botika plazebo batekin ordezkatu ondoren, narriadura kognitiboak moteltzen jarraitu zuen beste taldearekin alderatuta. Hori abantaila bat izan liteke Lecanemabekin alderatuta, azken hau epe luzeagoan administratzen baita.

Hori bai, alzheimerrari buruzko biltzar zientifiko nagusiko datu berrien aurkezpenean, kezka batzuk azaldu zituzten botika itxaropentsu horri buruz: saiakuntza klinikoan hiru pertsona hil zirelako.

Erregistratu ziren albo-ondorio larrien artean, batez ere heriotzen kasuan, plaka amiloideekin lotutako anormaltasunak ikusi ziren, garuneko irudietan ikus daitezkeenak. Anomalia horiei ARIA esaten zaie (ingelesezko siglen arabera), eta garuneko hanturatik hasi eta mikroodoljarioetaraino iristen dira.

Esperimentazio fasean, pazienteen %3,7k ARIA kasu larri bat jasan zuen, eta hiru heriotza izan ziren. Kasu horietatik bitan, erasandako pertsonek APOE4 aleloa zuten, APOE genearen aldaera bat, alzheimer gaixotasuna garatzeko arrisku handiagoarekin lotua.

Gainera, oraingoz uste dute sendagai honek gaixotasunaren etapa goiztiarretan dauden pertsonetan soilik erakusten duela eraginkortasuna. Hori dela eta, eta APOE4 genea duten pertsonek kontrako ondorio larriak izateko duten arriskua dela eta, pazienteei proba genetiko bat egitea iradokitzen da, sendagaiaren onura segurua nork izan dezakeen eta tratamendua eskaintzeko heriotza-arriskua handiegia nork duen zehazteko.

APOE4 genea detektatzeko proba genetikoa (alzheimerra duten pazienteen %15ek du) eskuragarri dago espainiar Estatuan, eta horrek Donanemab jaso dezaketen pazienteen baheketa erraztuko luke. Paziente horiek gaixotasunaren etapa goiztiarretan daudenez, asko dute galtzeko, eta ikuspegi horretaz balia daitezke.

CITA GO-ON ikerketa-taldeak martxan jarritako proiektuaren aurkezpena.

Prebentzioari garrantzia

Balizko sendagaiei buruzko ikerketarekin batera, gaixotasuna saihestu edo atzeratzeko prebentzioari buruzkoak ere iritsi zaizkigu azkenaldian. CITA-alzheimer fundazio donostiarrak, esaterako, lan handia egin du biztanleriaren arrisku-profilei buruz eta pertsona batek dementzia izateko duen probabilitatea handitzen edo gutxitzen duten faktoreei buruz ezagutza zabaltzen. Faktore horietako asko osasun kardiobaskularrarekin eta bizi-ohiturekin lotzen dira, beraz, alda daitezke. Izan ere, fundazioaren esanetan, hiru dementzia-kasutik bat esku-hartze multimodal egoki baten bidez prebeni daiteke.

Hori oinarri hartuta, erakunde desberdin ugariren lankidetzatik jaio den CITA GO-ON ikerketa-taldeak proiektu bat diseinatu eta abian jarri du Donostian. Ikerketa Europan eta munduan garun-osasuna sustatzeko eta dementzia-arriskua murrizteko lan egiten duen ekimen baten barruan kokatzen da, zahartze aktibo eta osasungarriko estrategien bidez. Horrela, Estatu Batuetan, Latinoamerikan, Txinan eta Singapurren garatutako antzeko proiektuekin bat egiten du.

«CITA GO-ON ekimenarekin erakutsi nahi dugu interbentzioa eta arrisku-faktoreen kontrola, baita ohitura osasungarrien sustapena ere, hala nola ariketa fisikoa, entrenamendu kognitiboa, dieta eta osasun sozio-emozional zuzena, eraginkorrak direla alzheimerra eta narriadura kognitiboko beste modu batzuk prebenitzeko, gaur egun indarrean dauden gomendio orokorrekin eta zaintza soziosanitarioekin alderatuta», azaldu zuen Pablo Martinez Lage CITA-alzheimerreko zuzendari zientifikoak, proiektuaren aurkezpen ekitaldian.

Ikerketa aurrera eramateko, 60 eta 85 urte bitarteko 2.000 pertsona inguru behar dituzte. «Parte-hartzaileen erdiek beren kabuz jarraituko dituzte jarraibide horiek, eta bisita mediko osoak izango dituzte proiektuan hasi eta urtebetera eta bi urtera. Beste erdia bi urteko programa batean sartuko da. Bertan, banakako lau hilez behingo bisita medikoetara eta tailerretara joango dira estimulazio kognitiboa sustatzeko, arrisku kardiobaskularreko faktoreak kontrolatzeko, nutrizio-ohiturak hobetzeko, jarduera fisikoa sustatzeko eta adimen emozionala eta osasun psikosoziala hobetzeko. Amaieran, banakako beste ebaluazio bisita bat egingo da, azterketan parte hartu dutenen bilakaera ebaluatzeko», zehaztu zuen Pablo Martinez Lage doktoreak.

Parte hartu nahi duenak fundazioaren webgunean izena eman behar du edo 943 021 792 telefonora deitu. Ikerketan parte hartzeko, aurrez hautatutako pertsonei posta elektronikoz edo telefonoz egingo zaie zitazioa, hasierako bisita bat egiteko. Azkenean, azterlanean sartzen direnek hasierako ebaluazio-bisita egingo dute esku hartzeko aldiaren aurretik, eta Osasunaren Mundu Erakundeak ezarritako gomendioak jasoko dituzte.

Gainera, Donostiako herritarren arreta erakartzeko, Donostiako Udalak, "Donostiar Ahaztezinen Bila gabiltza" komunikazio-kanpaina abiarazi du, «ikerketa honetan parte hartzen duten pertsona guztiek merezi dutelako inoiz ahaztuak ez izatea». Eneko Goia alkateak nabarmendu zuenez, «Donostiako herritarrentzat balio handia duen ekimena da, gero eta zaharkituagoa dagoen biztanleria izanik, benetan garrantzitsua baita bizitzan zehar sor daitezkeen gaixotasunen prebentzioan eta ikerketan lan egitea». Goiak, halaber, donostiarrei dei egin zien «guztion onurarako izango den proiektu honetan parte hartzera».

Ikerketa-taldea CITA-alzheimer, Euskal Herriko Unibertsitatea (SPIN eta Qualiker ikerketa-taldeak), Basque Culinary Center, Nafarroako Unibertsitate Publikoa, Achucarro Neurozientzien Euskal Institutua, Biodonostia Institutua eta Camp Tecnologico erakundeek osatzen dute, eta Suediako Karolinska Institutuaren laguntza eta aintzatespena du.