Maider Iantzi
Aktualitateko erredaktorea / redactora de actualidad

Nire maitasuna

Begiak irekitzen dituzunean, ez dituzu berriro ixten, erran zidan Mariasun Landa handiak etxean goxo hartu ninduenean. Loti ederraren ipuinari buelta eman zion Emakunde Saria jasotzean. Ederrak ez dio printzeari gehiago itxarongo, eta abenturak bizitzera aterako da, begiak erne.

Neska eta emakume aunitz bezala, loti ederra izan nintzen ni ere, loaldi luzean. Itxaronaldiak ametsez betetzen nituen eta, noski, topaketa murritza izaten zen fantasien aldean. Horrek mina eragiten zidan: tximeletak hilda, sabelean zulo handi batekin itzultzen nintzen. Denbora bat behar izaten nuen nire onera bueltatzeko, eta mezu bat aski zen berriz zain jartzeko.

Bi muturretan mugitzen nintzen: hasieran, pelikula batean bizitzea bezalakoa izan zen, ilargia bera logelako leihotik sartzen sentitu nuen. Ezin nuen inoiz ukitu, ordea. Errealitatea agertuz joan zen, eta, nire burua gehiago engainatzeko tarterik gabe utzi ninduenean, begiak itxi nituen. Eramangarriagoa zitzaidan egunero min pixka bat hartuz irautea, mendeko segituz, nire buruaren ardura hartu eta askatzea baino.

Ez nengoen lasai eta ez nengoen ados nire buruarekin, baina gauzak aldatuko zirela eta halako batean printzea azalduko zela sinestean tematu nintzen. Prozesu luze bat izan zen begiak irekitzekoa, kosta zitzaidan eta mina sentitu nuen, izugarria, baina ez zen begiak itxita nituelarik sentitzen nuen mina bezalakoa. Oraingoan, malkoak sendagarriak izan ziren. Ongi ulertu nuen ez zegoela bueltarik: begiak irekitzen dituzunean, ez dituzu berriro ixten. Bizitu nuen istorioa bakarra zela uste izan banuen ere, ohartu nintzen arrunta dela eta ez nintzela lo egon izanen gizona banintz. Liburuetan irakurri ditut pasarteak idatzita dauden bezala bizitu ditudanak. Loti ederraren ipuina ere txikitatik ezagutu dut, baina ez dut antiojo moreekin leitu.

Feminismoaren magalean, erakutsi diguten maitatzeko moduaz konturatzen eta zabalago maitatzen ari naiz. Karmele Jaiok “Maitasun kapitala” zoragarrian dioen bezala, nori -eta zeri, gehituko nuke- eman nahi diodan leku bat nire bizitzan. Hori da, azkenean, nire maitasuna. •