Benito, eta gure beste orakuluak
Asko estimatzen dut adineko jendeak gauzak esateko duen soiltasuna, sinpletasuna. Baina kontzeptuaren adierarik onenean: inguruko zaratak ahaztu eta une bakoitzean gertatzen den horren muinera jotzeko gaitasuna.
Grazia egiten zidan, adibidez, GARA-NAIZi ordainarazi zioten hiru milioi euro pasako zorraren karietara, herriz herri egin ziren bileretara inguratzen ziren pertsona zaharrenek -batez besteko adina altua zela kontuan hartuz- nola galdetzen zuten zuzenean: «Zer behar duzue? Zenbat jarri behar da?». Gu aurrera begirako plan landu bat azaldu nahian joaten ginen, baina haiek nahiago izaten zuten funtsari hasieratik heldu. Gure surflari ernegatuak ederki deskribatu izan du filosofia hori. Esku bat bota behar denean bi aldiz pentsatu gabe laguntza eskaini. Galderak, baldin badaude, etorriko dira gero.
Burutazio hauek izan ditut aurreko igandean 7Kn argitaratutako Benito Lertxundiren elkarrizketa irakurtzen amaitu berritan -NAIZ Irratian ere entzungai du nahi duenak-. Jenio batek bakarrik bota ditzake «askatasuna da gauzarik sakonena» edota «ni inoxidablea naiz» bezalako sententzia itxuraz sinpleak, nahiz eta mami asko egon atzean.
Euskarari buruz egiten duen hausnarketa ere benetan interesgarria iruditu zait, nagusitzen ari diren hainbat korrontetatik aldenduz: «Sortzen dira halako figura bereziak, hizkuntzak egiten gaituela herri, eta gisakoak. Alderantziz da: herriak egiten du hizkuntza. Hizkuntza herriaren ondare bat da eta ez alderantziz». Nik ere halaxe ikusten dut, baina nekez asmatuko nuke zehaztasun horrekin azaltzen.
Soiltasuna izan bailiteke, edertasunaren bilaketarekin batera, Benitoren abestietako ezaugarri nagusietako bat. Baina zertarako luzatu ni, Benitok berak horren argi esan badu: «Beste batzuetan etorriko dira gauza barrokoekin, kultuzkoekin, su artifizialekin. Baina ez dute deus esaten. Artilugio guztiak behar dituzte. Beste batek, aldiz, borda batetik keinu bat xume-xume bidaltzen dizu, eta mendez mende irauten du». •

