Josu Ozaita
Antropologoa
{ GASTRONOMIAREN ANTROPOLOGIA}

Gatza duen mendia

Gatzagaren irudia, atzean haize errotak ikusten direla.
Gatzagaren irudia, atzean haize errotak ikusten direla. (Josu OZAITA)

Arranoa du armarri, “Arranotegi” izen: Nafarroako Aguilar Kodes herria da. Bertako kaleetan ibiltzea, historia sentitzea da. Harresia nabarmentzen da; XIII. mendera eramaten gaitu etxeetako hormak ere hartzen dituen harresi urbanoak. Turistarik ez ibiltzeak xarma ematen dio bi kale eta 75 biztanleko herriari. Ostatua herri erdian, eta bertan, adineko gizonak, garagardoa botilatik edaten, mar-mar eta barre artean. Begiradak iltzatu dizkidate zeharka, “forastero” sentiaraziz. Orain ez dago saltsa handirik herrian, baina, duela hamarkada batzuk arte, bertako bi kaleetan okinak, errementariak, harginak, zapatariak... izaten ziren, eta herriko frontoi zahar berezian merkatua egiten zen astero. Izatez, Aguilar Kodes ez da edozein herri izan historian zehar.

Herrian behera bidetxo bat hartuta, aspaldiko gerra garaietako zaintza dorreak eta iturri berezi bat igarota, San Bartolome ermita dago, erromanikoa. Eta urrunean, Joar mendia. Gehiegi jakin gabe ere, natura eta historia sentitzen dira herrian.

PAISAIAREN SEKRETUA

Herria 741 metroko altueran dago, Arabarekin muga eginez. Hestebeteak egiten dituen Mirotz enpresatik igaro eta mendiko bidetxo batean barna jarraitu dugu autoz, herritik kanpora, ezer ez dagoen toki baterantz joango bagina bezala. Bertako sekretuak deskubritzeko, Carlos Diaz de Cerio Zogollo (1957) dut gidari, istorio berezi baten ahots. Autoa gelditu eta segidan bota du: «Hemen da». Momentu eta toki honetan esaldi hori esanda, edozer erakustea espero dut. Bada, putzu handi bat erakutsi dit eta, baratze baten ondoan, partzelatan banaturiko sail bat, putzuetan banatua. Putzu batzuek dir-dir egiten dute. Gatza da! Paraje honetan gatza ateratzen dute Zogollok eta bere osabak: Luis Diaz de Cerio, ehun urtera bidean den gizon handia.

Gatza duen mendia. Zogollok dionez, erromatarrek eraiki zituzten gatzaga hauek, eta, inguru honetan, makina bat zeuden garai batean. Orain, bakarrak jarraitzen du martxan. Agian, osaba egoskorra delako, eta izaera horrek halako altxorrak zaintzea eta defendatzea ekartzen duelako, 2025era arte irautea, ehunka urtez. Udalarena zen lehen, baina XIX. mendean saldu zieten Zogolloren birraitonari eta haren lagun bati. Bi lagunentzat txikiegia zela ikusita, karta jokoan jokatu zuten prezioa jarrita: erreal bat. Orduz geroztik, belaunaldiz belaunaldi zaindu dute altxorra.

Gatzaga altxorra zen lehen, haragia kontserbatzeko ezinbestekoa zelako gatza. “Salario” hitza ere, soldata, hortik dator, lanaren ordainketaren zati bat gatzarekin egiten zelako. Gatza ez zen bixigarri hutsa, produktuak iraunarazteko ezinbesteko osagaia ere bazen.

URA, EGUZKIA, AIREA

Iturburu batetik gatz portzentaje altua duen ura ateratzen da, eta ur hori baliatuta, gatza lortzen dute. Sistema sinplea bezain ederra da: ura atera, putzuetan banatu eta denborari, eguzkiari eta aireari beren lana egiten utzi. Lauzpabost zentimetro dituzten putzuetan ur gazitua zabaltzen dute, eta beroaren bidez, ura kondentsatu eta gatza azaleratzen da. Ur gazitua ematen du iturburuak, % 12 inguruko gatzura.

Egurrezko oinarria eta baldea, eta putzuak betetzeko ere egurrezko hodi sistema. Besterik ez zuten behar lehen. Gaur egun, motor batekin egiten dute lan hori. Putzuetako batean, pala handi batekin ari da Luis gatza pilatzen: «Lehen buztinezkoak ziren putzu guztiak. Itxi ere, buztinezko tapoi batekin ixten ziren». Gatza pilatzen ari da Luis hitz egiten duen bitartean, ura galtzen joan daitezen. 93 urte baditu ere, egunero gerturatzen da gatzagara, bizitzari gatza ematen dion tokira. Ura gatz bilakatzeko bospasei egun behar dira.

Biltegia, lanaren ostean hamaiketakoa egiteko ere balio duen txokoa. (Josu OZAITA)

Urte osoan egiten duten lan edota sasoi zehatz batean galdetu diot Carlosi. «Herrietako igerilekuak bezala, ekainetik irailera», bota dit irribarre pikaroarekin. Barrez hasi gara hirurok. Haurtzaroko istorioak kontatzen hasi da orduan. «Nire opor lekua hau izan da. Nire lagunak gurasoen herrira edo ez dakit nora joaten ziren oporretara, ni berriz, hona, gatza egitera. Oroitzapen onak ditut. Igeri egiten hemen ikasten genuen denok! Noski, gatzarekin erraz flotatzen da, baina adi ere ibili behar da! Begietan erre egiten du, edota, belaunak zaurituta izanez gero, eta guk ia beti genituen horrela, ziztada ederra jasotzen da! Azkar sendatzen zitzaizkigun guri zauriak!», barrez jarraitu dugu eszena irudikatzen.

HISTORIA LUZEA

Familia osoa elkartzen zen gatzagan: izeba, arreba, aitona-amonak... denak. Lana izaten zen nagusi, palak, saskiak, zakuak. Orain sei putzu dituzte martxan, etxerako eta lagunentzako gatza izateko. Edota, nork daki, oroitzapenak ez itzaltzeko. Lehen, ordea, diru sarrera estra zen familiarentzat, eta putzu gehienak martxan izaten zituzten. Agian, 60 ere batera.

Luis geratu egin da, eta bere ahots sendoarekin berriketan hasi. «Bizitza hartan ez zegoen dirurik, baina inor ez zen kexatzen. Orain deabruak ahotik noiznahi», serio bota du. Hitz gutxikoa dirudi, edo nahi duenean hitz egiten duena. Hala ere, isilik egotea izan da galderak egiteko nire modurik onena. «Lehen, 1.000 kilo zaldi karroan kargatu eta herriz herri ibiltzen ginen gatza saltzen. Ia denek izaten zuten txerriren bat hiltzeko, eta 50 kilo gatz inguru behar dira txerrikiak ontzeko». Gazikutxa zen garai hartako hozkailua. «Batzuek dirurik ez zuten izaten, eta trukea egiten genuen: melokotoiak, mahatsa, lastoa... Atera kontuak! Kanpezun gurdikada bat gatz uzten genuen biltegian, herritarrek eros zezaten. Animalien hiltegiak ziren bezero onak».

Gaurkoan, bost putzutan ikus daiteke gatza loratzen. Eguzkiaren erreflexua nabari da, ispilu bat balitz bezala. Eguzkiak eta aireak aterako diote gatza urari. Isiltasuna da nagusi, baita haize suabe bat ere. Aitor Arregi sukaldariari esatea gustatzen zaion bezala, «ikusten ari garen hau guztia, itsasoa zen lehen». Milioika urteko arrastoak oraindik bizirik. Zogollo palarekin lanean hasi da, ezin gelditu. Herriko alkate izan zen, eta parapentea du afizio, herriko ikur diren benetako arranoen tankeran. «Erlijioak berdin dit niri, baina historia sakratua da niretzat, eta toki hau historia da, zaindu beharko genuke», bota du bihotza eskuan. Eta urrutiko mendi zuritu batzuk adierazi dizkit eskuarekin. «Ikusten mendi horiek? Gatza dute barruan. Bertatik igarotzean, ahuntzak erotu egiten dira lurzorua zupatuz», dio Zogollok. Barre egin du Luisek ezpainak mugitu gabe.

NATURAREKIN EGITEN DEN GATZA

«Haize ufada suabea ona da gatzarentzat», esan du Zogollok. «Eta ekaitza izorratzeko bidea», gehitu du Luisek. Euri zaparrada batek gatzura gatz bilakatzeko prozesua gera dezake. Edo, haize bolada indartsuek zikinkeria sartu putzuetan. «Ekaitza badator, ahalik eta azkarren dena bildu», dio Luisek. Makina bat aldiz alde egin dute korrika bertatik, ekaitz gogorrak hastean. Gatzak tximistak erakartzen ditu: gatzaren gainean txispak dantzan.

Gatza, pilatuta, pixkanaka ura galtzen joateko. Eguraldiak agintzen du: batzuetan gatza biltzen dute, beste batzuetan, aldiz, putzua garbitu eta zerotik hasi behar dute berriro ezer lortu gabe. (Josu OZAITA)

Eguzkia behar du gatzak, aire lehor fina. Lehenik loratu eta gero kristalizatzeko. «Behe laino egun heze batean, sinestezina dirudi, baina gatzak hezetasun hori xurgatzen du», dio Zogollok gatza eskuetan hartuta. «Mineral bat da gatza. Poto batean sartu eta hemen egongo da hemendik 100 urtera ere». Borda bat dago putzuen artean; biltegia da. Bertan, gatz mendixka bat. Gatzak ez du iraungitze datarik. Baina orainaldia, bizirik dagoena, historia bilaka daiteke ez bada zaintzen, inguruko beste gatzagei gertatu zaien bezala. Orain dela hamarkada batzuk arte, lau gatzaga zeuden inguruan. Orain hau da historiaren testigu bakarra».

Eguraldiari begira igarotzen dute gatza egiteko sasoia. «Haizeak etxe aldaketa egiten ari dira», esaten dute haizeek norabidea moldatzean. Naturak agintzen du: batzuetan gatza biltzen dute, beste batzuetan, aldiz, putzua garbitu eta zerotik hasi behar berriro.

PERLA GASTRONOMIKOA

Elikagaien kontserbaziorako ez ezik, ozpinetako kontserbak egiteko ere erabiltzen zuten inguruotako fruitua, ur geza eta gazitua nahastuta. Zogollo hasi da hizketan: «Gezurra dirudi, baina zer da txuleta eder bat gatz gabe? Parrilla jarri eta gatza falta bazaizu, izorratuta zaude! Gatz eskukada bat nahikoa da; txuletaren zaporea gatzak biderkatzen du, txuletari bere potentziala adierazten laguntzen dio». Gatza ezinbestekoa da.

Jateaz hitz egiten ari garela, Luis mahaitxo batean eseri da eta bertaratzeko agindu digu. Txorizo eta saltxitxoi batzuk jarri ditu mahai gainean: «Zatitu, Carlos», esan du. Galdetu gabe, hiru garagardo botila atera ditu. Aire lehorra da nagusi. Irribarrea loratu zait eta oroitzapenak kristalizatu. Itsasoa urrun dago, baina itsasoa nabari da. Erromatar garaia urrun dago, baina historia nabari da. Historia asko maite dugu, gustatzen zaigu hura ezagutzea eta iraganari balioa ematea. Batzuetan, ordea, historia begien bistan dugu, bizirik, eta ez dugu baloratzen. Horrek mina ere eman dezake, gatza zauri batera botatzean bezala. Garagardoari trago bat eman, txorizo eta saltxitxoi mutur bat ahoratu eta bukaera eman dio Luisek elkarrizketari: «Carretera y manta». Zogollo eta biok irribarre egin dugu.

Autoan sartu eta itzulerako bidea hasi dugu, pentsakor. Hitzik gabe geratu naiz. La Polla musika taldearen abesti bat dago jarrita. Paisaiari eta iraganeko sekretuei hitzak jarri nahi dizkiola dirudi:

Dentro de nuestro vacío

solo queda en pie el orgullo

por eso seguiremos de pie.

Mogollón de gente vive tristemente

y van a morir democráticamente;

y yo, y yo, y yo no quiero callarme.

La moral prohíbe que nadie proteste:

Ellos dicen mierda, nosotros amén.

Amén, amén, amén, a menudo llueve.