Grabagailurik gabe

Oporren aitzakian Florentziara garamatzan hegazkinaren zain gauden bitartean hasi naiz Ander Izagirrek eta Leila Guerrierok beren erreportaje handiei buruz idatzi zuten “En el fondo la forma” liburua irakurtzen. Hasierako orrialdeetako batean lanarekin lotutako bidaiak aberasgarriagoak suertatu izan zaizkiela aitortzen dute, aisialdiarekin lotutakoak baino, eta neuri ere neure arlotean eta apalean halaxe gertatu izan zaidala etorri zait burura, eta behin, San Genaro egun batean, irailaren 19an beraz, Napoliko katedralean goizeko zazpietarako atean zain egon nintzen egunarekin gogoratu naiz. Goiz hartan argazki makinarekin jarraitu nituen, moja eta fede sutsuko emakumeen artean, santuaren odol lehortua gordetzen duen kristalezko ontzia, eta mila prozesio eta ibiliren buruan odola isurki bilakatu zenean, nik ere «miracolo, miracolo» egiten nuen deiadar, zer gutxiago, hainbeste nekeren ondoren, eta oso harro atera nintzen katedraletik lehen aldiz mirari baten lekuko izan nintzen sentipenarekin, pare bat orrialde zeinen erraz idatziko nituen pentsatuz ere bai bidenabar, nahiz eta banekien mirari hori ia urtero gertatzen zela.

Italiara mugatuz, kazetari bezala egindako nire bigarren balentria pixka bat serioagoa izan zen, “Bertsolari” aldizkaritik Altamante Logliri elkarrizketa bat egitera joan bainintzen Toscanaraino (1.500 kilometro eta horrek harritzen zuen elkarrizketatua). Toscanan, Lazion eta Abruzzon kantatzen zuten poeten oinordeko nagusia zen eta Roberto Benigniren (“La vida e bella” filmaren egilea) maisua izana ere bai, bigarren hori inprobisatzaile izan zenean. Bertso afari bat antolatu zuten eta unibertsitateko matematika irakasle bat aukeratu zuen kide moduan afalondo horretarako. Gau gogoangarria izan zen guretzat, beste arrazoi askoren artean Altamanteren bizitza Italiako ezkerraren historia ere izan zelako.

Liburuan agertzen diren erreportaje handien ondoan gureak barregarri geratzen dira, baina erabat ahaztuta nuen hirugarren lantxo batekin gogoratzeko balio izan dit. Grabagailuarekin joan nintzen opor horietako batean Riccardo Bertani izeneko aitona bati egin genion bisita, Reggio nell'Emilia eskualdean «ehun hizkuntza dakizkien aitona» deitzen ziotelako. Tartean euskara ere ikasia zuen, nahiz eta hitz egiteko erraztasunik ez zuen. Haren etxetik kilometro batzuetara dago, Gattaticon, Cervi anaien Museoa. Familia bereko sei anaia harrapatu eta fusilatu zituzten faxistek eta baserri hori museo bihurtu zuten. Egia da nire lanak xumeak zirela, baina oporretan egiten nituen eta musu truk, eta horrek asko adierazten du nire bokazioaz.

Oraingoan grabagailurik gabe noanez, Santa Croce, Pisako Dorrea eta Sienako plaza ikustearekin konformatu beharko dut. •