AAk akabatuko gaitu?
Aukera hori planteatu berri du Jacob Coxon Anthropiceko ikerlariak: «Adimen artifiziala (AA) eraikitzen ari direnek uste dute AAk hamarkada hau amaitu baino lehen akaba gaitzakeela». Listua irensteko tarterik eman gabe, halaxe berretsi du haren nagusi ohi Evan Hubingerrek: «Benetan uste dugu AAk mundu osoa akaba dezakeela! Nik, pertsonalki, aukera %10ekoa baino handiagoa dela uste dut».
Anthropic, OpenAI, xAI eta Googleko buruak atera dira segidan, AAren garapenean pausa bat galdeginez, Nazio Batuen Erakundeak «AArekin eskubide guztiak arriskuan» daudela adierazi du… Eta, beste behin, lerroburu eta albisteen uholdeak irentsi gaitu.
Zer kristo gertatu da bat-batean denek pausa bat aldarrikatzeko? Zergatik orain? Zergatik Elon Musk eta enparauek ere? Galderak trumilka. Nik, egia esan, ez daukat erantzunik, baina zalantza bat bai: era loriatsuan edo apokaliptikoan izan, AAren inguruan egiten diren baieztapenak ez ote dira kategoriko eta handi-mandi xamarrak?
Esaterako, AAren mehatxuez ohartarazi nahian, Bill Gatesek alienekin konparatu du: AA gizakia mehatxatzen duen “espazioko bisitaria” omen da. Irudi iradokitzailea da, jakina, hamarnaka pelikulatan ikusitako lehia ekartzen baitigu gogora: makinak versus gizakiak. Alabaina, AA ezaugarritzeko modu guztiz murriztailea da.
Hasteko, Marta Perezek dioen bezala, «AA ez da gauza bat, propietate estatiko batzuk dituen zerbait». Adibidez, «ez da gauza bera zurekin hitz egiten duen txatbot bat, zure partez zerbait egiten duen agentea edo irudi medikoen azterketetan aplikatzen den eredua», ezta Anthropic edo Latxa ere. Ondorioz, «ezin da AAz orokorki hitz egin».
Segitzeko, AA eta gizakia ez dira punta banatan kokatutako poloak. AAk giza adimena du oinarri: zehazki, gizakiak testuen bidez pilatutako jakintza erraldoia, testu horietan nagusi diren inertzia eta patroiekin. Horren kudeaketa jakina egiten dute AAko aplikazioek, eta aplikazio horiek gizaki jakinek sortu dituzte, finantzaketa eta ikerketa publikoen kontura. Perezen hitzetan, AA, funtsean, «adimen kolektiboa» da, nahiz eta era pribatu eta pribatizatzailean kudeatzen den, jakintza kolektibo hori dena desjabetuz.
Hortaz, arazoa ez da “adimen artifiziala”, gauza bakar, uniboko eta estralurtarra balitz bezala, baizik eta horren eraikuntza eta ezarpen hiperkapitalista eta gerrazalea. Hau da, ataka ez da gizakien eta makinen artekoa, baizik eta gizarte eta teknologia eredu kontrajarrien artekoa. Eta hor bai, egun nagusitzen ari den eredu horretan, gizakiontzat arriskuak ikaragarriak dira, Gazan eta beste hainbat lurretan ondotxo dakiten bezala (Musk eta bestelako “martzianoak” horregatik ari dira haien utopiak Marten proiektatzen).
Horren aurrean, protokoloak iragarri ditu Gatesek, AA era arduratsuagoan erabiltzeko. Baina hori ere ez da aski, oinarrizko kontraesana bere horretan mantentzen baita: adimen kolektiboaren gaineko jabetza pribatua. Perezekin jarraituz, «ulertu behar dena da AA ondasun komuna dela eta komunean kudeatu behar dela», bestela gutxiengo oligarkiko baten borondate arbitrarioaren menpe jarraituko baitugu, borondatea ona edo txarra izan. Kasu honetan ere burujabetza da gako nagusietakoa: datuen, teknologien eta gaitasun kognitiboen gaineko jabetza. •
