Idoia Eraso
SENPERE

Seaskak duen beharraren neurriko erantzuna eman zuen euskal gizarteak Herri Urratsen

Eguraldia lagun, Herri Urratsek egun historikoa izan zuen pasa den maiatzaren 13an. Senpereko aintzira jendez bete zen, ikastolek Ipar Euskal Herrian duten behar handiari erantzuteko. Beste berri on bat ere ekarri zuen egunak, baxoa azterketa euskaraz egin ahal izateko urrats berri bat egin baita.

Aurtengo Herri Urratsaren argazkia, beti bezala, Senperen. (Bob EDME)
Aurtengo Herri Urratsaren argazkia, beti bezala, Senperen. (Bob EDME)

Joan den urtean Ipar Euskal Herriko ikastolek duten hazkundeari erantzuteko kanpaina berezia egin zen, eta gizarteak bikain erantzun zuen. Beharrak beti hor dira, eta proiektu berriekin handitu ere egin direnez, gizarteak beste behin ere bere sostengua eskaini zien ikastolei. Aurtengo Herri Urratsaren arrakasta azaltzeko hitz hauek erabili zituen Seaskako zuzendari Hur Gorostiagak: «Iaz oso ona izan zen, eta aurten berdintsua edo hobea izan da».

Aurreikusitako kopuruak motz geratu ziren. Talo eta sagardo botila guztiak saldu ziren. Ordu bietarako, paella eta whiskia ere bukatu ziren; besta plateraren inguruan edo basoa eskuan egiten duten guztiek erantzun zioten ikastolen deialdiari.

Giroa atsegina eta salmentak onak izan baziren ere, errebindikazioari txokoa ere utzi zion Ipar Euskal Herriko ikastolen federazioko zuzendariak: «Seaska hazkundean da eta arriskuak hartu ditu, eta herriak bat egin du proiektuarekin. Herriak bere sostengua erakutsi digu eta orain erakundeei dagokie segitzea».

Borroka eremu ezberdinetan eramaten dute ikastolek, eta horietako bat euskarazko hezkuntzaren ezagupen instituzionala da. Norabide horretan berri on bat eman zuten aditzera. Bigarren hezkuntzaren ondoren pasa beharreko azterketa ofizialean, baxoan, ikasgai berri bat euskaraz egin ahalko dute Seaskako ikasleek. Orain arte historia eta geografia besterik ez ziren, baina aurten matematika ere egingo dute gazte euskaldunek. Urte osoko borrokak beste emaitza on bat utzi zuen atzo.

Ohi bezala, adin eta gustu guztientzako egon zen. Aurten antolatzaileek programazioarekin asmatu egin zutela argi ikusi zen. Gaztetxoenen gunea txiki utzi zuten Pirritx, Porrotx eta Marimototsek; Anje Duhaldek belaunaldi guztiak elkartu zituen; eta Su ta Garrek kontzertua hasi baino lehenago Nafarroa gunea jendez bete zuen. Zenbait adibide jartzearren.

Elkarte eta proiektu ezberdin askoren presentzia nabaria zen. Beren txokoa egina duten Maiatz, Elkar eta Hatsaren Poesiarekin batera, beste kultur egitasmo berriek ere profitatu zuten euskaltzaleengana hurbiltzeko parada, «Ainara» filmaren ordezkariek, esaterako. Ikus-entzunezkoa garatzen ari den taldea han zen jendearen sostengua biltzeko. Filmaren egitasmoarekin bat egiten duen orori sinadura emateko eskatzen zioten. «Proiektu parte hartzaile bat, mugaz gaindiko film europar batentzat, ozeanoetatik haratago».

Herri Urratsen bildutako diru guztia Kanboko Xalbador kolegioko berriztapen lanak egiteko baliatuko dute. 5 milioi euro baino gehiago beharko dituen lanen erdia besterik ez dute erakundeek ziurtatuko. Halaber, Biarritzen lizeo bat egiteko proiektua ere badu Seaskak. Egoera horren aurrean federazioko presidente Paxkal Indok azkarki aldarrikatu zuen: «Herri Urrats arras ongi joan da, eta gizarteari eskertu nahi diogu, baina orain kontua da urtean zenbat Herri Urrats egin beharko ditugun gure egoerari aurre egiteko».