NAIZ.INFO
DONOSTIA

Beste istripu bat eragin du sakabanaketa politikak

Etxeratek Mattin Olzomendiren bikoteak eta lagun batek izan zuten istripuaren berri eman du. 2012ko hamaikagarren istripua da elkarteak adierazi duenez.

Euskal Herritik 462 kilometrora dagoen Estatu frantseseko Uzerche-ko espetxean bakarturik dagoen Mattin Olzomendi preso politikoaren bikoteak eta lagun batek pasa den larunbatean izan zuten istripuaren berri eman du Etxeratek ohar baten bidez.

Ezbeharra Bordele herriko errotonda batean izan zen. Auto ilara batean zeudela, atzetik beste auto batek atzetik kolpatu eta ondorioz autoak kalte material izan zituen. Etxeratek esan duenez, Olzomendiren bikotea eta laguna minik hartu gabe irten ziren istriputik.

2012. urtean gertatzen den hamaikagarren istripua da elkartearen arabera. Azken urteetan errepidean bizia galdu duten 16 senide eta lagunak gogoratu nahi izan ditu Etxeratek, baita Mikel Egibar presoaren senideek izan zuten istripua ere.

Sakabanaketarekin amaitzeko eskaera ere egin du.