1962ko urriaren 28an aurkitu zituzten Aranzadi Zientzia Elkarteko hiru espeleologok –Juan Cruz Vicuñak, Javier Migliacciok eta Felipe Aranzadik– Altxerriko haitzuloko labar pinturak. Joxe Miguel Barandiarani erakutsi zizkioten eta oso aintzinakoak zirela ikusita, babestu egin zituzten, haitzuloa itxita.
50. urtemuga dela-eta, Aranzadik, Aiako Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Lakuako Gobernuaren laguntzarekin, aurkikuntza harekin lotutako erakusketa prestatu dute. Bihar zabalduko da, 19.30ean, Aiako kultur-etxean, eta hilaren 28ra arte izango da irekita. Haitzuloaren irudiak, argibide-taulak, Kiputzen aurkitutako bisontearen burezurraren erreplika eta garai hartako agiriak izango dira ikusgai.
Erakusketaz gain, azaroaren 8rako ekitaldi berezia antolatu dute Donostiako Victoria Eugenia antzokian, kobazuloa aurkitu zutenei omenaldia egiteko. Atapuercaco zuzendaria, Juan Luis Arsuaga, bertan izango da.