Nagore BELASTEGI
DONOSTIA

Hitzarmena sinatu dute Euskaltzaindiak eta UZEIk, eta Hiztegi Batua aurkeztu

Euskaltzaindiak eta UZEI Terminologia eta Lexikografia Zentroak bost urterako hitzarmena sinatu dute asteazken honetan akademiaren Donostiako egoitzan.

Euskaltzaindia eta UZEIren arteko hitzarmenaren sinaduraren aurkezpena. (ARGAZKI PRESS)
Euskaltzaindia eta UZEIren arteko hitzarmenaren sinaduraren aurkezpena. (ARGAZKI PRESS)

1986az geroztik Euskaltzaindia eta UZEI zentroa elkarlanean aritu badira ere, oraingo honetan lankidetza hori ofiziala egin nahi izan dute sendoagoa izateko.

Akademia lanean hasi zenean arauak ezagutzen zituztenek gainontzeko hiztunei arauen berri ematen zieten, baina lankidetza prozesuei esker, gizartea aztertu eta bertan erabiltzen diren formak zuzenak edo okerrak diren zehazten dituzte. Egun dagoen informazioaren bilketa eta terminologiaren konparaketa zein ikerketa UZEIK egiten du.

Honela dakite, adibidez, zien hitz berri erabiltzen diren eta horiek nola idatzi behar diren zehazten dute akademikoek.

Horrez gain, Hiztegi Batuaren bertsio berria aurkeztu dute. Duela hilabete batzuk Hiztegi Batuaren lehenengo itzulian oinaritutako ‘Euskaltzaindiaren hiztegia. Adierak eta adibideak’ kaleratu bazuten, oraingoa 2009an hasi zuten prozesuaren emaitza dugu.

Hau da, Hiztegi Batua berrikusketaren bigarren itzulian forma berriak gehitu zein zuzendu ostean, interneten ia 43.000 hitz izango ditugu kontsultagai aurrerantzean. Datozen urteetan bertsio berri honetan oinarritutako ‘Adiera eta adibideak’ hiztegi berrian arituko da lanean Euskaltzaindia, UZEIk eskainitako teknologia berrien laguntzarekin.