@iraiaoiarzabal
AZPEITIA

Corrugadoseko langileek manifestazioa deitu dute hilaren 20an lanpostuen defentsan

Azpeitiko Corrugados enpresako langileek manifestazioa deitu dute heldu den apirilaren 20rako Azpeitian, lanpostuak defendatzeko. Euren etorkizunarekin «gehiago ez jokatzeko» eskatu diote Gallardo taldeari.

Lantegiaren atarian egin dute agerraldia Corrugadoseko langileek. (Raul BOGAJO/ARGAZKI PRESS)
Lantegiaren atarian egin dute agerraldia Corrugadoseko langileek. (Raul BOGAJO/ARGAZKI PRESS)

Duela hiru aste Gallardo taldeak Corrugadosek Azpeitian duen enpresa ixteko asmoa adierazi zuenetik ez dute berririk jaso langileek. Lan erregulazio espedientea Aste Santuko oporren ostean jasotzea espero zuten baina oraindik ere zain daude. Enpresa batzordeak gaur adieazi duenez, ez dira komunikazio horren zain geldituko. «Gure lanpostuak defendatzen jarraituko dugu», baieztatu dute. Ildo horretan, manifestazioa deitu dute hilaren 20rako, 12.00etan Azpeitiako plazatik abiatuta.

Langileek jakinarazi dutenez, azkeneko zortzi egunetan produkzioa geldirik egon da txatarra faltagatik. Zuzendaritzak esan dienez, larunbat honetan ekingo diote berriro lanari. Ostera, plantillak kezkatuta jarraitzen du, ez baitute inongo borondaterik somatzen Gallardo taldearen aldetik negoziaketari ekin eta Azpeitiko lantegiaren etorkizuna bermatzeko. Duela bi aste Lakuako Gobernuarekin eta Gipuzkoako Diputazioarekin bildu ostean, erakundeek ere ez dute Gallardoren berririk izan, nahiz eta aldundiak 150.000 tona ekoizteko aukera mahai gainean jarri zuen.

Gauzak horrela, Gallardo taldeak Getafeko lantegiaren aldeko apustua «begi bistan» uzten duela uste dute langileek. Horregatik, Gallardo taldearen barruan zein kanpoan, enpresa bideragarria izan daitekeela azpimarratu dute. Hori dela eta, euren etorkizunarekin «gehiago ez jokatzeko» eta inbertsore edo erosle bat bilatzeko eskatu diote Extremadurako taldeari.