NAIZ.INFO
PARIS

Sexu bereko bikoteen arteko ezkontza onartu egin du Asanblea Nazional frantsesak

Sexu bereko pertsonen arteko ezkontzari behin betiko argi berdea eman dio Asanblea Nazional frantsesak. UMPk iragarri du lege proiektuari helegitea jarriko diola Kontseilu Konstituzionalean.

Sexu berekoen arteko ezkontzaren aldeko elkarretaratzea, Parisen. (Kenzo/AFP PHOTO)
Sexu berekoen arteko ezkontzaren aldeko elkarretaratzea, Parisen. (Kenzo/AFP PHOTO)

Bigarren eta azken aldiz, Asanblea Nazional frantsesak sexu bereko pertsonen arteko ezkontza baimentzen duen lege proiektua bozkatu du. Bikote homosexualek adopziorako duten eskubidea ere jasotzen du testuak.

Aldeko botoak 331 izan dira eta aurkakoak, aldiz, 225. Beste hamar zuriz egon dira. Emaitzak irakurtzen ari ziren bitartea, UMPko ordezkariek alde egin dute Asanblearen egoitzatik.

«136 ordu eta 56 minutuz eztabaidatu ondoren, Asanlbeak onartu egin du sexu bereko pertsonei ezkontzea ahalbidetzen duen lege proiektua», nabarmendu du Asanbleako presidenteak, Claude Bartolonek.

Legea dagoeneko Senatuan onartuta dago eta Legebiltzarrean ere behin bozkatu da, eta horregatik gaur ere aurrera aterako dela aurreikusten da. UMPk dagoeneko iragarri du Kontseilu Konstituzionalean helegitea aurkeztuko diola lege proiektuari eta 2017an hauteskundeak irabaziz gero erreferenduma antolatuko duela auzi horren inguruan.

Kontseilu Konstituzionalak hilabeteko epea du auziaren inguruan erabakia emateko eta, oniritzia ematekotan, Hollandek promulgatu ahalko luke. Hortaz, lehen sexu berekoen arteko ezkontzak ekainaren erdialderako izango ziren.

Sexu bereko pertsonen ezkontzaren aurka dauden taldeak mobilizazioak egiten ari dira azken egunotan, eta gaur ere hala izan da.

Horretaz gain, Asanbleako presidenteal bolbora zuen eskutitza jaso zuen atzo eta homosexualek eta legea aldatzearen alde dauden kazetariek erasoak jasan dituzte azken egunotan.