NAIZ.INFO
DONOSTIA

Egungo eredua aldatzeko maiatzaren 30ean kalera ateratzeko deia egin dute

Maiatzaren 30eko greba orokorrerako deialdia erregistratu dute gaur Donostian sindikatu eta eragile sozialek. Egungo eredu ekonomiko eta sozialaren alternatiba badagoela nabarmendu eta kalera ateratzeko deia egin diete langileei.

Sindikatu eta eragile sozialen ordezkariak, Lan Ordezkaritzaren aurrean. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)
Sindikatu eta eragile sozialen ordezkariak, Lan Ordezkaritzaren aurrean. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)

ELA, LAB, ESK, STEE-EILAS, EHNE, Hiru, CNT eta maiatzaren 30eko greba orokorra antolatu duten eragile sozialen ordezkariek greba deialdia erregistratu dute Donostian, Lakuako Lan Ordezkaritzaren egoitzan. Nafarroan atzo egin zuten.

Ainhoa Etxaide eta Adolfo Muñoz LAB eta ELAko idazkari nagusiak buru zirela, egungo eredu ekonomiko eta soziala aldatzeko «aukera bakarra» mobilizazioa dela nabarmendu dute. Krisi egoera honetara «estatu kolpe ekonomiko baten ondorioz» iritsi garela salatu dute, eta klase politikoa «bere egiten» ari dela lan eta gizarte alorrean egin diren lorpen guztiak «deuseztatzeko».

«Egiten dutena baino beste alternatibarik ez dagoela esaten digute, baina hori gezurra da», salatu dute. «Herria kalera ateratzen bada, politikariak erabakiak aldatzera behartuko ditu», adierazi du Etxaidek.

Greba orokorra une honetan «egin daitekeen desobedientzia ariketarik onena» da sindikatu eta eragile horien ustez eta, ildo horretan, euskal langileriari maiatzaren 30ean kalera ateratzeko deia egin diote.