NAIZ.INFO
BILBO

Tasio Erkizia inputatu egin dute, Kutxabanken aurkako «escrache» batean parte hartzeagatik

BBKko Batzar Nagusiaren aurrean buruturiko kontzentrazioan parte hartzeagatik «autoritearen kontrako atentatua» egotzi dio Ertzaintzak Tasio Erkiziari. 0stegun honetan, eguerdian, Bilboko 3. Intrukzio Epaitegian inputatu gisa deklaratu beharko du militante abertzaleak.

Bizkaiko EH Bilduk jakinarazi duenez, Erkiziak inputatu gisa deklaratu beharko du, aipatu elkarretaratzean parte hartu ondoren Ertzaintzak bere aurka jarritako salaketarengatik.

Koalizioaren ustez, «erabat arbuiagarria» da gertaera horiengatik Erkiziaren aurkako salaketa jarri izana, «inola ere gertatu ez zen zerbait leporatzen baitiote, ustezko atentatua alegia».

«Salaketa ia barregarria ere bada, nekez sinets baitaiteke Tasioren adineko eta gorpuzkerako pertsona batek Brigada Mugikorreko destakamendu bati eraso egingo zionik», gaineratu du EH Bilduren oharrak.

Salaketa hori, «Ertzaintzaren erabilera eskuinak protesta sozialeko mugimenduak kriminalizatzeko eta erreprimitzeko abian jarri duen» kanpainaren baitan dago kokatua.

Zentzu horretan, gogoratu egin dute «Ertzaintza aitzindaria izan zela ‘escrache’ izeneko protestetan segurtasun perimetro bat ezartzen, manifestazio eskubidearen irakurketa murriztailea eginez».

Gaineratu dutenez, «ez da kasualitatea muntaia hau Tasio Erkiziaren kontra bideratu izana». «Erkiziak oso ibilbide luzea du langileen eskubideen aldeko borrokan, historikoki ezker abertzaleari lotuta egon da eta egun erreferente bat da kolektibo sozialen mobilizazioetan», azaldu du EH Bilduk.

Erkizia auzitara eramanda, koalizioaren aburuz, «azalpen bakarra du: Ertzaintzak herri honetako sektore politiko garrantzitsu baten kontra dituen fobiak eta obsesioak».

Azkenik, ostegunean, 11.30ean elkarretaratzea deitu du EH Bilduk, Buenos Aires kaleko epaitegiaren aurrean, inputazioa salatu eta Tasio Erkiziari elkartasuna adierazteko.