@GARA_rpascual
BILBO

Bilbotarrei agur esan beharrean da Branka, proiektuaren bideragarritasuna ezin ziurtatuta

Bilboko Branka agerkari digitalak, «ahaleginak eta bi egin arren», ez du izan proiektuaren «bideragarritasuna ziurtatzerik» eta, hortaz, asteburu honetan bertan itxiko du webgunea.

Bilboko Brankaren webgunea, agurra iragartzen. (NAIZ.INFO)
Bilboko Brankaren webgunea, agurra iragartzen. (NAIZ.INFO)

«Hau da gure azken albistea, tristeena, proiektu komunikatiboaren desagerpenarena». Hala iragarri du Bilboko Brankak bere Twitter profilean asko eta asko harritu dituen albistea.

Esaldi horren, ondoan, lotura bat, beren webgunera bideratua, albistearen inguruko azalpen gehiago emanez. Nabarmendu dutenez, garai ekonomiko zailak bizi ditu Euskal Herriak, «eta Branka ez da horiez libro».

«Ahaleginak eta bi egin arren, ez dugu izan bideragarritasuna ziurtatzerik», eta ondorioz, orain arteko proiektuari ez diotela eutsi jakinarazi dute.

Bilboko ezkertiar eta abertzale talde batek sustatuta, 2007an jaio zen Branka, «hedabide konbentzionaletan ageri ez zen Bilboren berri emateko». Isil eta ikusezin egin nahi zituztenen bozgorailu izateko, alegia.

Nagusiki agerkari digitala izan den arren, paperean ere hamar zenbaki plazaratu ditu, horietako bakoitzeko 20.000 ale argitaratuta.

2011n, webgunearen indarraz eta joera berriez jabetuta, papera albo batera utzi eta atari digitala erabat irauli zuten, bidegintzari garrantzi nabarmena emanez.

Proiektuaren agurra iritsita, egindako bidearen inguruko balorazioa burutzeko aroa ere iritsi zaie: «Hutsak huts eta gabeziak gabezia, gure txikitasunean Bilbon nagusi zen diskurtso uniforme eta uniformatzaile hori higatzea lortu dugulakoan gaude».

«Baina Euskal Herrian ireki den aro berriari are egokiago helduko dion komunikazio estrategiaren nolakotasunez hausnartzea, eztabaidatzea eta erabakiak hartzea denon esku dago», gaineratu dute.

Bidelagun izan dituztenei eskerrak emanez bukatu dute.