NAIZ.INFO
Gasteiz

Igandean ospatuko da Gasteiz Hiria XIV. herri lasterketa

Hamalaugarren urtez jarraian Gasteizko Euskarri Kirol Elkarteak eta Euskal Herria Kirolak ekimenak antolatuta Gasteiz Hiria XIV. herri lasterketa izango da igandean. Izen ematea ostiraleko gauerdian itxiko dute. NAIZ.INFO-n sailkapenak zuzenean jarraitu ahalko dira eta iritsiera guztiak bideoz ikusteko aukera izango da.

Gasteiz Hiria herri lasterketaren afitxa.
Gasteiz Hiria herri lasterketaren afitxa.

200dik gora dira, dagoeneko, igandeko Gasteiz Hiria XIV. herri lasterketarako izena ematen duten herritarrak. Ostiraleko gauerdian itxiko da izena emateko epea eta antolatzaileek kopuruak gora dezente egitea espero dute. EH Kirola ekimenaren webgunean, Kirol Probak atarian eta Gasteizko hainbat kirol dendetan eman daiteke izena (13 € aurrez ordainduz gero, 15 € egunean bertan).

10 km-ko lasterketa izango da igandekoa. Dato kalean abiatu eta amaituko da lasterketa Gasteiz batetik bestera zeharkatu ostean. 11.00etan hasiko da lasterketa. Aurrez, 10.30ean, IVEF ondoan Bixen Fernandez Herrerori omenaldia egingo diote.

Sailkapenak eta iritsiera bideoz NAIZ.INFO-n

Aurten lehen aldiz antolatzaileek helmugako norberaren iritsiera bideoz ikusteko aukera eskainiko dute. Sailkapenekin batera norberaren dortsal zenbakia sartu eta helmugaratzea ikusteko aukera izango da. EH Kirolak ekimenaren webgunean eta NAIZ.INFO-n bertan ikusi ahalko dira bideoak.