Naiz.info
Donostia

Abenduaren 13 eta 14an aniztasunaren gune bihurtuko da Donostiako Bulebarra

Gipuzkoako Aldundiak Aniztasunaldia izeneko ekimena egingo du abenduaren 13an eta 14an Donostiako Bulebarrean, Euskal Herriko aniztasunaz eta haren kudeaketaz gogoeta egiteko eta gogoeta hori festa bihurtzeko.

Aniztasunaldia izeneko ekimena bultzako du abenduaren 13 eta 14an Gipuzkoako Aldundiak beste hainbat eragilerekin Donostian. Bi karpa jarriko dira Bulebarrean bi egun horietan, eta egun osoz ekitaldi sorta zabala izango da. Aldundiaz gain, erakunde honek berak sustatutako ‘Jatorri anitz, herri bat’ izeneko dinamika parte hartzailean ari diren 40 eragile sozialek ere bultzatu dute ekimena.

‘Jatorri anitz, herri bat’ dinamikaren helburua Gipuzkoako jatorri, kultur edo hizkuntz aniztasunaz –nortasun aniztasunaz, finean- gogoeta egitea eta erabakiak hartzea da; aniztasun hori kohesio sozialerako elementu bihur dadin, alegia.

«Aniztasuna modu positiboan ulertzen dugu, eta kohesio elementu bihurtu nahi dugu. Argi diogu: Euskal Herrian bizi diren pertsona guztiak dira euskal herritarrak, denon artean eraikiko dugu herri hau, eta denon eskubideak bermatu behar dira, edozein dela ere gure jatorria», adierazi du Marcos Nanclares Migrazio eta Aniztasun zuzendariak gaur egindako aurkezpenean.

Dinamika hau kalera eraman nahi dute bertan parte hartzen dutenek, eta horregatik sustatu dute, hain zuzen ere, Aniztasunaldia ekimena.

LAB sindikatuko Leire Garrok adierazi du dinamika horren isla izango dela Aniztasunaldia: «Urte eta erdiko lana erakutsiko dugu: zertaz aritu garen, zer gogoeta egin dugun, zeintzuk diren gure planteamentuak eta proposamenak… Aniztasunari buruzko eztabaida mahai-gainean jartzea ezinbestekoa da, eta horregatik datorren astean Donostiako Bulebarreko karpetara etortzeko deia egin nahi diegu herritar guztiei», esan du.