Arantxa MANTEROLA

Herrirak presoen eskubideen defentsan Lannemezanera martxa egingo du

Aspalditik salatzen ari diren «muturreko egoerak» pairatzen ari diren bi preso daude Lannemezanen. Horregatik hautatu du Herrirak espetxe hori hara martxa egiteko. Presoen eskubideak errespetatzeko eskatzeaz batera, Parisen «erantzukizuna» nabarmendu nahi dute.

Eguberriko egunetako bueltan, «presoen eskubideen defentsa islatzeak berebiziko garrantzia» duela nabarmenduta, Herrirak martxa antolatu du datorren abenduaren 14rako Lannemezaneko presondegira.

Estatu frantsesak presoen egoeran «erabateko erantzulea» ez ezik, beren «eskubideen urratzailea» ere badela gogorarazi du mugimenduak. Baieztapen horiek lau haizetara zabaltzea eta Paris zuzenean interpelatzea izango du xede ekimenak.

Lannemezaneko espetxea hautatu dute bertan dauden bi presok aspalditik salatzen ari diren «muturreko egoerak» bizi dituztelako, besteak beste. Izan ere, gaitz larriak edota sendaezinak dituztenen artean da esklerosi anizkoitza duen Ibon Fernandez Iradi lasartearra.

Bestetik, Frederik Haranburuk, biziarteko espetxe zigorra betetzen ari denak, 23 urte daramatza preso. Berrikitan baldintzapeko askatasunean izateko duen eskubideari helduta, eskaera egin dio espetxe administrazio frantsesari.

Bi horiez gain, beste lau euskal preso daude Baionatik ia 200 kilometrora dagoen espetxean: Didier Aguerre, Iñaki Esparza, Jose Ramon Lete eta Joseba Segurola.

Elkartasuna

Guztiei herritarren elkartasuna adieraztea da martxaren zioa. «Martxa honekin, gure presentzia markatu nahi dugu presondegi baten aitzinean, alde batetik Frantzia eta espetxe agintaritzak interpelatzeko eta, bestetik, presoei gure elkartasunik handiena adierazteko», jakinarazi du Herrirak.

Donibane Garazitik, Baionatik eta Donibane Lohizunetik goizeko 9.30ean abiatuko dira autobusak, eta 15 euroan salgai da txartela. Informazio gehiago eskuratzeko eta izena emateko (oo33)672 54 29 79 telefonora dei daiteke.

Behin espetxe aurrean, hainbat ekimen egingo dituzte (piknika, kantaldia...). Ikusgarriena flashmob berezia izango da.

Duela urtebete presoen eskubideen defentsan eta bake prozesuaren alde egindako manifestaldiak ekarri ditu gogora Herrirak, mobilizazioaren garrantzia nabarmentzeko. «Baionan 15.000 eta Bilbon 115.000 herritar bildu ginen. 197/2006 doktrina euskal herritarron mobilizazioari esker bertan behera geratu da» gaineratu dute, euskal presoen eskubideen alde egitea «guztion lana» dela gogorarazita.