NAIZ.INFO
DURANGO

Lakuako aurrekontuetako inbertsioen %60 ATHri bideratuko zaiola salatu du EH Bilduk

Abiadura Handiko Trenaren (ATH) «zentzugabekeria» nabarmendu du EH Bilduk Durangon eta Lakuako Gobernuaren 2014rako aurrekontuetan aurreikusten diren inbertsioen %60 azpiegitura horri bideratuko zaiola salatu du.

AHTren lanen ondoan egin dute agerraldia EH Bilduko legebiltzarkide eta alkateek. (EH BILDU)
AHTren lanen ondoan egin dute agerraldia EH Bilduko legebiltzarkide eta alkateek. (EH BILDU)

EH Bilduko legebiltzarkide Marian Beitialarrangoitia, Laura Mintegi, Rebeka Ubera eta Julen Arzuagak agerraldia egin dute Durangon, AHTren lanak egiten ari diren tokian, Mañaria, Atxondo, Mallabia eta Zaldibarko alkateekin batera.

Azpiegitura hori «zentzugabekeria» dela salatu eta Lakuako Gobernuaren aurrekontuetan egitasmo horretarako 366 milioi bideratzen direla ohartarazi du, hau da, egin nahi dituen inbertsioen %60.

Hori dirua «xahutzea» dela iritzi dio koalizioak, eta «inora eramango ez gaituen tren baten eraikuntzan dirutza gastatzea» ez dela «zentzuzkoa» nabarmendu du, «are gutxiago premiazko beharrak asetzeko dirurik ez dagoela esaten ari zaizkigun honetan».

«Hezkuntzan, osasunean, gizarte babesean hain murrizketa latzak egiten diren garaian, AHT lehentasunezko jotzeak herritarren interesak guztiz albora uztea esan nahi du», azaldu du Beitialarrangoitiak.

Koalizioko legebiltzarkideak gogora ekarri du hasieran aurreikusita zegoen aurrekontua –4.100 milioi– gainditu egin dela –4.600 milioi gastatu dira– eta oraindik obren erdia geratzen dela egiteke.