NAIZ.INFO
BILBO

Etxerik gabekoen heriotzen aurrean gizarte politiketarako aurrekontuak aldarrikatu dituzte

EH Bilduk salatu duenez, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Bilboko Udalaren aurrekontuek ez dute gizarte-ekintzarekin «beharrezko konpromisorik» jasotzen eta hori erakunde horien aurrekontuetan islatzen da. Gogora ekarri duenez, ekainetik hona etxerik gabeko sei pertsona hil dira Bizkaian.

Mazarredo 22 aterpearen atarian egin dute agerraldia Bilduko kideek. (EH BILDU) Mazarredo 22 aterpearen atarian egin dute agerraldia Bilduko kideek. (Luis JAUREGIALTZO/ARGAZKI PRESS)
Mazarredo 22 aterpearen atarian egin dute agerraldia Bilduko kideek. (EH BILDU) Mazarredo 22 aterpearen atarian egin dute agerraldia Bilduko kideek. (Luis JAUREGIALTZO/ARGAZKI PRESS)

Asier Vesga Bilduko batzarkideak eta Aitziber Ibaibarriaga Bilboko zinegotziak agerraldia eskaini dute Mazarredo 22ko aterpearen aurrean, aurten Bizkaian izan diren etxerik gabeko pertsonen heriotzen aurrean koalizioaren irakurketa eskaini eta gizarte politikak gauzatzeko aurrekontuak aldarrikatzeko.

Gogora ekarri dutenez, ekainetik hona kalean bizi ziren sei lagun hil dira, bost Bilbon eta bat Barakaldon, pertsona bat hileko.

EH Bilduren iritziz, hildako kopuru horrek «argi erakusten du bizitza ez dela balio absolutua jendarte eredu honetan, isileko hildakoak daudela, beraien duintasuna inork aldarrikatzen ez duelarik».

Bilbon 236 lagunek kalean lo egiten dutela salatu eta Bilboko Udalak emergentziazko laguntzak jasotzeko leihatila irailaren 13an itxi zuela erantsi du. «Ezin onartuzkoa da egoera hau».

Vesgak eta Ibaibarriagak adierazi dutenez, Bilboko aurrekontuek %12,5eko igoera orokorra izan dute aurten, baina «gizarte-ekintzaren atala izoztu egin dute».

Foru Aldundiaren kasuan, «nahiz eta aurrekontuak sozialak direla esan, Gizarte Ekintzako saila gutxien igotzen dena da».

Horren aurrean, EH Bilduk alor horretan 52 milioiko zuzenketak proposatu ditu, horietako bat bi milioiko partida Ezkerraldean aterpe bat eraiki edo egokitzeko. Salatu duenez, «denak» atzera bota dituzte EAJk, PSEketa PPk.