oihana.llorente@gaur8.info
Interview
Oihana Etxebarrieta
Tesinaren egilea

«Harreman eta emozioen munduari zor zaion interes zientifikoa eman behar zaio»

‘Erlazio afektibo sexualak espetxe garaian askatasun (g)une?’ tesinaren egilea da Etxebarrieta. Feminismoaren gaineko masterra bukatu zuenean, espetxe inguruan eraikitzen diren harremanak eta emakume presoen egoera hartu zituen ikergai.

(Jon URBE / ARGAZKI PRESS)
(Jon URBE / ARGAZKI PRESS)

Zergatik aukeratu zenituen gaiok?
Masterra egiten hasi aurretik, argi nuen espetxearen eta emakumearen gaineko zer edo zer egingo nuela. Nik bikotekidea bi urtez espetxean eduki dut eta harremana modu horretan garatu behar izateak zer pentsatua eragin zidan. Kanpoan dauden senideak, emakumeak gehienetan, inbisibilizatuta daudela ere esango nuke. Bestetik, emakume presoen egoera azaleratu nahi izan dut, haien egoera ere ezezaguna dela iruditzen zait.

‘Barrura begira’ dokumentalak arreta eragin zizun, ezta?
Pentsatzen nuena pantaila handian ikusteak asko animatu ninduen. Dokumentaleko une batean, bikotekideen arteko elkarrizketa batean, oso argi islatzen da espetxeetako harremana nolakoa den. Barruan dagoenak kanpokoekin amesten duela dio, etorkizunerako planak egiten dituela... Azken finean, bikote harremana bere burua kanpoan proiektatzeko erabiltzen du. Kanpoan dagoenak, aldiz, haurrak direla, etxea dela, lana edo bisitak direla, bikotekidearekin amesteko denborarik ez du. Horren guztiaren ondoren, agian, berarekin pentsatuko zukeela zioen. Jende guztiak barre egin zuen esaldiarekin, baina niri oso gogorra iruditu zitzaidan.

Emakumeek desberdin bizi al dute espetxea?
Kartzela bizitzeko beste modu bat dute emakumeek eta haiek kontrolatzeko moduak ere oso bestelakoak dira, umeen antzera tratatzen dituzte maiz.

Zigor hirukoitza sufritzen dutela esaten duzu.
Bai, penala, pertsonala eta soziala. Lehena kode penalak berak ezartzen duena da, eta askotan, delitu beragatik zigor handiagoa jasotzen dute. Pertsonala, emakume presoak berak bere buruari eragiten diona da. Eta soziala, gizarteak ezartzen duena, emakumeengan estigmatizazioa handiagoa da, ama delako edo ama izan daitekeelako...

Emakumezko euskal preso politikoen artean hala gertatzen da?
Ez, zigor hirukoitzarena ez da EPPK-ko emakumeen artean gertatzen. Baina badira emakumezkoei soilik eragiten dieten baldintza bereziak eta horiek ez dira kontuan hartzen, emakumeen kontu bezala tratatzen dira. Gizonezkoen baldintzak orokortu egiten dira, emakumeei eragin edo ez. Hutsune bat dagoela uste dut, emakumeen egoera ere azaleratu beharra dago-eta. Gauzak apur bat aldatu dira eta ezker abertzalearen prozesu feministak inflexio puntu bat suposatu du.

Ez dira era honetako azterketa asko egin, ezta?
Ez. Harremanak gauza emozional gisa ulertzen dira eta interes zientifikorik ez dutela diote askok. Ikerketa feministek garrantzi berezia dute arlo horretan, izan ere, harreman eta emozioen munduari zor zaien lekua eta balioa ematen diote.

Nola egin duzu ikerketa?
Hamar pertsonari egin dizkiet elkarrizketak. Segiko kideak izatea leporatuta espetxean egondakoak edo euren bikotekideak, denak. Zehazki, kartzelan egondako lau emakume eta bi gizonekin egon naiz. Bikotekideen kasuan, hiru dira emakumeak eta bat gizona. Haien testigantzak dira lanaren oinarria.

Espetxe baten barrura sartzeko aukera ere izan duzu tesina egiten zenuen bitartean, ezta?
UNEDek emakume presoen amatasunaren inguruan egindako ikastaro bat zela medio, Alcala Mecoko espetxean egoteko aukera izan nuen. Espazioan kokatzeko eta konektatzeko baliagarria izan zen. Baita begiak zabaltzeko ere.