NAIZ.INFO
BAIONA

Eliseoaren politika ekonomikoa salatzeko, mobilizazioa egingo dute bihar Baionan

Gobernu frantsesak «hartzen dituen neurriak salatzeko» eta «bestelako politika sozial bat aldarrikatzeko», bihar 10.30ean Baionako geltokiaren aurrean abiatuko den manifestazioan parte hartzera deitu du LAB sindikatuak.

LAB sindikatuak Baionan egindako manifestazio bat, artxiboko irudian. (Bob EDME)
LAB sindikatuak Baionan egindako manifestazio bat, artxiboko irudian. (Bob EDME)

«Gaurko gobernu ‘sozialistak’ gure lan baldintzak, lan sariak, erretretak... makurtzen segitzen» duela salatuz, «orain, ‘ardura itunaren’ bidez, nagusiei beste opari bat egiten» diela kritikatu dute sindikatu abertzaleko kideek. Horrela segitzekorik ez dagoela aldarrikatuz, CGT, FO, Solidaires eta FSU sindikatek antolatutako greba eta mobilizazio egunarekin bat egin du LABek.

Izan ere, sindikatuak azaldu duenez, azken asteetan jakin dute LABeko kideek «CGT, FO, Solidaires eta FSU sindikatek greba eta mobilizazio egun batera deitzen» zutela biharko. «Nahiz eta gaur egun oraindik beste sindikatuen bilkuretara gonbidatuak ez» izan, mobilizazio horri euren babesa eman diote, eta «gaur egun eramaten diren politiken aurka benetan eraginkorrak» izateko, «ezberdintasunak alde batera utzita, denok elkarrekin lan egiten ikasi behar» dutela pentsatzen dute LABekoek.

Bihar mobilizatzeko arrazoiak «ugariak» dira LABentzat, Gobernu frantsesak orain arte hartutako eta «etorkizunean burutu nahi dituen» neurriek «zerbitzu publikoa eta babes soziala suntsitzen» dituelako. Neurri horiek «erretretadun, langabetu eta langileriaren egoera okertzen eta pobretzen» dituztela nabarmendu dute, Gobernuak «baldintza edo obligazio gabeko etengabeko diru opariak aberats eta enpresariei» egiten dizkietela azpimarratuz.

Gobernu frantsesak aurkeztu duen «ardura ituna» zentzu berekoa dela salatu dute, «neurri honen helburua babes sozialerako erabiliak diren 50 miliar euro enpresarien eskuetara pasatzea» dela dio LABek, «azken hauei inongo kontrapartida, baldintzarik edo obligaziorik eskatu gabe». Horregatik, neurri hau «bertan behera uztea eskatzen du» sindikatuak.

Horrez gain, LABek dio lanbide formakuntzaren arloan enpresa handiek erabiliko duten diru zama apaltzen joango dela, «soldata masaren %1,6tik %1era pasatuz». Sindikatuaren iritziz, «oraingo gobernuak, aitzinekoek bezala, lan eskubideen hausten eta egoera prekarioenetan direnak pobretzen ditu, heien sakelen hustuz nagusi handien etekinak emendatuz».