NAIZ.INFO
DONOSTIA

Gipuzkoak eta Nafarroak datuak trukatuko dituzte zerga iruzurrari aurre egiteko

Nafarroako Gobernuak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak lankidetza hitzarmena sinatu dute, zerga iruzurrari eta ezkutuko ekonomiari lotutako jardueren inguruko datuak elkarri trukatzeko. Apirilean Bizkaia eta Arabarekin egingo du akordioa.

Helena Francok eta Jose Raul Goñik sinatu dute hitzarmena. (GIPUZKOABERRI.NET)
Helena Francok eta Jose Raul Goñik sinatu dute hitzarmena. (GIPUZKOABERRI.NET)

Nafarroako Gobernua eta Gipuzkoako Foru Aldundia elkarlanean arituko dira zerga iruzurrari eta ezkutuko ekonomiari aurre egiteko. Gaur eguerdian sinatu dute hori ahalbidetuko duen hitzarmena Donostian, Helena Franco Ogasun diputatuak eta Nafarroako Ogasuneko zuzendari berriak, Jose Raul Goñik.

Foru Aldundiak azaldu duenez, pertsonei, autonomoei eta enpresi buruzko informazioa trukatuko dute bi erakundeek, zerga ihesaren aurkako borroka indartzeko.

Hitzarmenaren bidez informazioa elkarri trukatzeko baldintzak eta prozedurak finkatzen dira, «betiere pertsonen eskubideak zainduta». Gainera, mekanismo tekniko bat ezarri nahi da, bi administrazioen zerga arloko datu baseak denbora errealean komunikatzeko.

Xedea zergapeko pertsona eta entitateei buruzko informazioa elkarri ematea da, horiek informazioa jasotzen duen Administrazioaren eskumenen barruan sartuta daudenean, «betiere legez emandako funtzioak errazago betetze aldera».

Horrekin batera, zergen eta eragiketen kudeaketa eta egiaztapena hobetu nahi dute bi erakundeek.

Akordioa betetzeko koordinazio eta jarraipen batzorde bat osatuko dute, sei lagunekin: Nafarroako Ogasuneko hiru pertsona eta Gipuzkoako Foru Ogasuneko beste hiru. Batzordearen ardura hitzarmena betetzeko behar diren jarduerak koordinatzea izango da, eta hitzarmenaren exekuzioa gainbegiratu, jarraipena egin eta kontrolatuko du.

Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako Aldundiek joan zen astean sinatu zuten datuak elkartrukatzeko akordioa. Datorren hilabetean Nafarroako Ogasunak antzeko hitzarmenak sinatuko ditu Araba eta Bizkaiko Aldundiekin.