NAIZ.INFO
IRUÑEA

Bi urteko espetxe zigorra eskatuko du fiskalak BurlataHerria.org webgunearen kudeatzailearentzat

Fiskalak bi urteko espetxe zigorra eta zortzi urteko inhabilitazioa eskatuko du BurlataHerria.org webgunearen kudeatzailearentzat Auzitegi Nazionalean egingo den epaiketan. Bertan argitaratzen ziren albisteetan «terrorismoa goratzea» leporatzen dio.

Burlataherria.org webgunea itxita dago iazko maiatzetik.
Burlataherria.org webgunea itxita dago iazko maiatzetik.

BurlataHerria.org webgunearen itxiera dela-eta epaiketa egingo da datozen hilabeteetan Auzitegi Nazional espainolean, Ahotsa.info-k zabaldu duenez. Fiskalak bi urteko espetxe zigorra eta zortzi urteko inhabilitazioa eskatuko du webgunea kudeatzen zuen pertsonarentzat, agerkaria ixteaz gain.

Ahotsa.infok dioenez, bertan argitaratzen ziren albisteen bidez «terrorismoa goratzea» leporatzen dio atari horri. Zehazki, eta polizia txostenak oinarri hartuta, 21 ekintzatan delitua egon litekeela dio Fiskaltzak.

BurlataHerria.org webgunea itxita dago Auzitegi Nazionalaren aginduz, beraz, bertatik salatu dutenez, informazio horiek ez dauzkate eskuragarri eta ezin dituzte kontrastatu polizia txostenek diotenarekin.

Fiskalak delitutzat jotzen du presoekin zerikusia duten albisteak argitaratzea, hala nola harrerak, manifestazioak edo ekitaldi politikoak.