NAIZ.INFO
IRUÑEA

AEK eta IKAko euskaltegien aldeko giza katea Iruñean, dagozkien laguntzak galdegiteko

IKAk eta AEK-k giza katea egin dute Iruñeko kaleetan barrena, 2012ko urritik ez dutela Nafarroako Gobernuaren euro bakar bat ere jaso, nahiz eta 2013 eta 2014 urteetako aurrekontuetan 245.000 euroko kontu-saila onartu zuen.

Euskaltegien aldeko giza katea Nafarroako Gobernuaren egoitzatik abiatu eta Hezkuntza Sailaren egoitzan bukatu da.

Protestaldian parte hartu dutenek euskara ikasi eta euskaraz bizitzeko eskubidea aldarrikatzeko kartelak eraman dituzte.

AEK-ko Helios del Santok eta IKAko Sagrario Alemanek gogoratu dutenez, Nafarroako euskaltegiek ez dute 2012ko urritik Gobernuaren euro bakar bat ere jaso.

2013 eta 2014. urteetarako –aurrekontuak luzatuta–, 245.000 euroko kontu-sail bana onartu da aurrekontuetan. Iaz, ez zen dirurik banatu eta, aurten, salatu dutenez, laguntzak jasotzeko deialdia ere ez dute egin.

Hori dela-eta, euskaltegiek «egoera larria» bizi dutela ohartarazi dute, baina hala ere egiten duten lanarekin jarraitzeko konpromisoa berretsi dute.