NAIZ.INFO
DONOSTIA

Estatuen esku-hartzea gaitzetsi eta euskara normalizatzeko neurriei babes zabala adierazi diete

Kontseiluak deituta, 19 udalerritan elkarretaratzeak burutu dituzte, euskararen normalizazioaren aldeko neurriak babestu eta Estatuen esku-hartzearen aurka protesta egiteko.

Herritar ugari bildu da Tolosako Udaletxe aurrean eginiko elkarretaratzean. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)
Herritar ugari bildu da Tolosako Udaletxe aurrean eginiko elkarretaratzean. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)

«Estatuen esku-hartzeak gelditu», lelopean, arratsaldeko 19.00etan burutu dira 19 udalerrietako gehienetan protesta ekimenak.

Honako herrietan burutu ditu Kontseiluak elkarretaratzeak: Agurain, Arrasate, Basauri, Bergara, Erandio, Errenteria, Galdakao, Lekeitio, Lezo, Oiartzun, Oñati, Ondarroa, Ordizia, Otxandio, Pasaia, Soraluze, Tolosa eta Zarautz.

Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak Tolosan burutu den protestan parte hartu du, eta Gobernu espainolak EAEn duen ordezkari Carlos Urquijok euskararen aurka abiatu duen erasoaldia salatu du bertan.

«Azkenaldian, aspaldiko erarik agerikoenean ari dira bi Estatuak euskararen normalizazio prozesuaren aurka, inolako mozorrorik gabe», adierazi du Bilbaok, adibide ugari aipatuta: «Espainiako Estatuak LOMCE legea onartu du, besteak beste euskarazo murgiltze ereduaren hazkundea galgatu nahian eta Frantziakoak ere ikastolen aurka egin du, 1850eko Falloux legea baliatuz».

Horrez gain, Urquijok hizkuntza-politikari lotutako zenbait arlotan Gipuzkoako Aldundiaren eta beste 62 Udalen aurka egin duela gaitzetsi du Bilbaok.

Errekerimendu gehiago ere iristen ari direla ohartarazi du Kontseiluko idazkari nagusiak.

Esan duenez, herritarrak ez daude kanpo esku-hartze gehiago onartzeko prest eta gaineratu «mezu argia» bidali zaiela esku-hartze horien arduradunei: «euskaren normalizazio prozesuaren gaineko erabakimena guri dagokigu, euskal hiztun komunitateari, ez beste inori eta ondorioz, ez dugu onartuko, aitzakiak aitzakia, euskararen normalizazio prozesua galgatzea, oztopatzea beste helbururik ez duten kanpo esku-hartze gehiago».

Bukatzeko, dei egin die Kontseiluko idazkari nagusiak herritarrei zein erakundeei: «Herritarrek egunerokoan euskaraz bizitzeko hautua egiten jarraitzera animatzen ditugu eta instituzioak euskaraz bizi gaitezen neurriak hartzera. Guk, euskalgintzak, hizkuntza-politika eraginkorrak ezartzeko bidean urratsak ematen dituztenak babesten jarraituko dugu».