NAIZ.INFO
BILBO

Hodei Egiluzen kasuari buruzko datu berriak emango ditu Flandesko telebista batek

Flandesko VTM telebista kateak desagertuta dagoen Hodei Egiluz galdakoztarraren inguruko saioa eskainiko du gaur eta, iragarri dutenez, kasuari buruzko datu berriak argitara aterako dituztela iragarri dute.

Hodei Egiluzen aldeko elkarretaratzea, Galdakaon, desagertu zenetik zazpi hilabete bete zirenean. (Luis JAUREGIALTZO/ARGAZKI PRESS)
Hodei Egiluzen aldeko elkarretaratzea, Galdakaon, desagertu zenetik zazpi hilabete bete zirenean. (Luis JAUREGIALTZO/ARGAZKI PRESS)

Hodei Egiluz gazte galdakoztarra Anberesen desagertu zela zazpi hilabete baino gehiago pasa ondoren, ikerketari bultzada eman dioten datu berriak agertu dira. VTM telebista kate flandestarrak horien inguruko saioa eskainiko du gaur.

Gazte galdakoztarraren gurasoek, Joaquin Almunia Europako Batzordeko presidenteordearekin bildu ondoren ere iragarri zuten Polizia «ona izan daitekeen arrasto bat» ikertzen ari dela.

VTM kateko ‘Faroek’ saioak gaur aztertuko du Hodei Egiluzen auzia, eta datu berriak argitaratuko dituztela aurreratu dute.

Lekuko berriak agertu dira eta, haien testigantzaren arabera, Egiluz desagertu zen egunean ikusi zuten, goizaldeko 4.30ean, Anberesko zentrotik gertu –orain arte, kai ingurukoa zen azken arrastoa–. Azaldu dutenez, etengabe atzera begiratzen zihoala laguntza galdegin zien galdakoztarra, bortxatu egingo zutela eta bakarrik utz ez zezatela eskatuz.

Lekukoen arabera, Poliziari deitzea edo taxi bat hartzea proposatu zioten Egiluzi, baina erantzuten ez zuela ikusita, bertatik alde egin zuten.

Poliziak zonaldeko segurtasun kamerak aztertuko ditu, datu berrien bila.

Horrez gain, uste dute lekuko gehiago daudela, egun hartan jai bat zegoelako eta gazte ugari zebilelako inguruan. Gehienak atzerritarrak izaki, Hodei Egiluzen argazkia nazioarteko hedabideetara igorriko dute.

Ekimen berriak

Bestalde, Hodei Bila elkarteak ekimenak burutuko ditu heldu den igandean, bai Gernikan egingo den Ibilaldian bai Balmasedan egingo den eskola publikoaren aldeko jaiean.

Bideo proiekzioak, euskal idazleen gutunak, argazkiak eta orain arte egin dituzten ekintzei buruzko informazioa eskainiko dute.