Koldo OTAMENDI

Eguraldi txarrari musika onarekin erantzuten EHZ-n

Atzo arratsean Lekornen bizitako tenpestak eguna baldintzatu zuen. Haizeak eta euriak soinu ekipoko materiala hondatu zuen, eta karpa batzuei ere kalteak eragin zizkien. Halabeharrez programazioak aldaketak izan zituen arren, eguraldi txarraren aurrean musika izan zen protagonista.

Eguna eguzkitsu hasi arren, arratsean hodei ilunez jantzi zen Lekorne, eguneko jarduna baldintzatuz. Hala ere, kontzertuak hasi aurretik dozenaka ekintza izan ziren Gerezietan: dantza, bertsoak, akrobaziak, umeentzako jolasak, eztabaidak, betiere, noski, zer jan eta zer edan aski izan zelarik kanpin denda utzi eta festara animatu ziren ehunka musikazaleen pozerako.

EHZ festibalaren karietara antolatu den Nazioarteko Musika Topaketan parte hartu zuten talde ugari ikusteko aukera izan zen atzo arratsean. Skontra (Asturias), Torii (Lapurdi, Euskal Herria), Cinq Mars (Quebec), Castro (Gales)... Gerezieta eta Basoita guneetan aritu ziren, batzuk karpa azpian eta besteak gaztelu aurrean. Musikalki ere, oso anitza izan zen eskaintza.

Kronika hau idazterakoan milaka ziren euriaren azpian Bird of Joy taldearekin dantzan ari ziren musikazaleak.

Lehen gaua

Ostiral gauez aritu ziren taldeekin jarraituz, Dub Inc taldearen emanaldia aipa daiteke. Musikalki, reggaea da eurena, baino oso zentzu zabalean. Dancehall, dub, ska, rap eta hip-hop doinuak nahasten dituzte, betiere gorri, hori eta berde koloreko eremuan. Emanaldi bizia izan zen, koloretsua.

Zea Mays agertoki handian jo zuen euskal talde bakarra izan zen. Indartsu hasi ziren, soinu onarekin eta argi joko ikusgarriekin. Zuzeneko kantu zerrenda azken diskoan oinarritu zuten, egun diskoetan egiten dutena oholtza gainean defendatuz. Kanta berriekin batera, betiko klasikoetako batzuk. Saioa bukatzeko «Kukutza» kantua jo zuten, emanaldiari luxuzko itxiera emanez.

Basoita agertokian beti bada harridura sortzen duen talderik. Ostiral gauez, esaterako, The Legendary Tigerman musikari portugaldarra aritu zen zuzenean. Saio gehiena bakarkako formatuan egin zuen, azken boladan horren modan dagoen gizon orkestra edota one man band eran. Ikusgarria izan zen.

Bestelako doinuetan, rocka eta giro elektronikoak nahastuz, Berlin hiriko Bonaparte laukoa taularatu zen gauerdian. Teklatuak, sintetizadoreak, ahotsak, eta gitarra dituzte arma nagusi, beraien musika dantzarekin eta antzerkiarekin uztartuz. Energikoak eta dibertigarriak.

Ohikoa da EHZ festibalean ordu batetik aurrera elektronikak hartzea oholtzak. Popof disko jartzaile frantziarraren musika proposamena ildo horretatik doa. Platerak, mahaia, samplerrak eta kito. Bestelako apaingarririk gabe, karpa dantza batean jartzea lortu zuen.

Eta koordenada antzekoetan, baino bestelako estrategiaz taularatu zen Cabaret Freaks taldea. Antzerkia, performanceak, hankapaluak, sua, bideopantailak, eta hori guztia DJaren gidaritzapean. Lehen begi kolpean ikusgarri suertatu zen, probokatzaile. Baina, finean, emanaldiaren pasarte askotan soberan izan zen «atrezzoa». Izenari so eginez, frikikeria.

Elkartasun eguna, gaur

Gaurko izen nagusien artean, bi euskal musika erreferente: Ruper Ordorika eta Esne Beltza. Biak, agertoki handian ariko dira, musika koordenada ezberdinetan, baino biak ezinbesteko. Beraiekin batera, The Inspector Cluzo, Amadou et Mariam, The Excitements eta The Bombins. EHZ festibalaren 19. edizioa Shantel taldearen emanaldiarekin amaituko da.