Koldo OTAMENDI

Lurretik sortu, lurrean hazi eta lurrarekin bizi

LIgandea. Hirugarren eta azken eguna. Elkartasun eguna. Arazo guztien gainetik, aurrera egin du EHZ jaialdiaren 19. edizioak. Euri tanta bakoitzeko, elkartasun ttantto bat egon da, jaialdiko txanpona, elkartasunarentzat xahutua.

Laborantza Ganbarako zikiro bazkaria, kontzertu lasaiak, afrikar erritmoak, giro balkanikoak eta musika mestizajea. Egun perfektu bat. Igandeak bereziak dira EHZn. Ez dute aurreko egunen gau festa girorik, batez ere egunez burutzen direlako ekintza eta zuzenekoak. Lasai hasi, gorantz joateko.

Ruper Ordorika klasiko bat da EHZko igandeko programazioan. Urteak atzera, Idauze-Mendin aritu zen, eta orain, «maite ditut maite gure bazterrak, lanbroak ezkutatzen dizkidanean...», abestu zuen lehenik, Txinaurrien bertsioan. Ruper Ordorika-Mikel Laboa konektion, Garroko gazteluaren bazter miresgarrietan.

Hiru egun zeramatzaten jotzen Esne Beltzako musikariek, jarraian denak, eta nekea nabaria zen arren, agertoki gainean ahantzi egiten dira min guztiak. Egurra lehen akordetik. Igandea izan arren, ez dago erdibiderik. Gogoz eta indartsu ekin zioten «Gora» disko berriko kantuak bata bestearen atzetik jotzeari. Hauekin batera, betiko kantuak, dagoeneko, klasiko bilakaturik.

Gaua, eta jaialdia, erritmo balkanikoekin itxi zen Shantel musikariaren emanaldiarekin. «Goran Bregovic eta Emir Kustoricaren seme espirituala» bezala izendatua, bide horretatik jotzen du, zuzeneko dantzagarri eta dibertigarriaz. Ederra ikuskizuna. Ginda ederra EHZren azken saiorako.

Ska-Pherria zuzenean

Larunbata gaua, berriz, euri artean bizi izan genuen. Euria arazo da musikaz gozatzeko, baino ez da oztopo. Kanpotik bustitzen garen bezala, barnea ere bustia izan ohi dugu. Eta zer hobe Ska-P taldearen emanaldi bat baino. Hauen proposamena argia da: ska, rocka, festa eta aldarrikapena. Auzo borrokalari batetik abitu ziren, xumeki, gerora, talde esanguratsu, eta zergatik ez, komertzialen artean kokatzeko. Alta, ez dute bidean arima galdu. Taldearen zuzenekoa boteretsua da. Ez daude une batez geldi. Mugimendua etengabea da: dantzak, jauziak, taldekideen arteko konplizitatea...

Euskal Rock Erradikaletik edan dute sobera, erreferentzi hori hor dagoelarik bizirik. Baino jakin izan dute moldatzen eta garatzen. Jakin izan dute, berezko bilakatzen. Taldekideen artean hiru euskal musikari egotea ere ez da kasualitatea. Beraien presentzia handia izan zen larunbat gauean, etxean jokatzen zutela jakitun.

Oholtza txikira bueltan, EHZ jaialdiko beste gutizia bat: Kashbad taldearen itzulera. Ohi baino kantu zerrenda laburragoarekin, ordubetez kantu mitikoak eta konposizio berriak uztartu zituzten. Zaletu zaharren gozamenerako, eta belaunaldi berrien gusturako, saio ederra burutu zuen laukoteak.

Euripean hasi zuen Gatibu taldeak bere emanaldia. Eta euripean amaitu. Eguraldiak tregoarik ez zien eman Gernikakoei, baino ez zuten behar ere. Gitarrak zorrotz, emanaldi borobila gauzatu zuten. Gauzak diren bezala. Gatibuk badu zerbait. Zuzeneko ona dute, eta soinu bikaina.

Oraindik bazen zer ikusi, eta ohikoa den legez, musika elektronikoa nagusitu zen gauaren azken txanpan. Honakoan, Pendulum ziren protagonistak. Disko jartzaile bat eta abeslari bat nahikoa izan ziren ikusleak dantzan jartzeko. Drum and bass oldarkorra eta azeleratua, energia bizikoa eta oinak mugitzera behartzen duena. Batzuetan, agertokiko jarrera da garrantzitsua. Eta Pendulum bikoak hori soberan du.

Amaitu da jada EHZ jaialdiaren 19. edizioa. 20. iristen den bitartean, herri bat zuzenean bizitzeko prest.

Ona, baikorra, baliotsua, dena da positibo

Aurtengo EHZ jaialdiaren balorazioa egiteko asmoarekin, atzo komunikabideen aitzinean agertu ziren Eneko Etxegarai EHZ elkarteko lehendakaria, Clemence Labrouche eztabaida gunearen arduraduna, Amaia Boloki prentsa arduraduna eta Lucien Betbeder Lekorneko auzapeza. Ez zituzten publiko aldetiko zenbakiak luzatu, baina balorapen positiboa egin zuten guztiek. «Berrikuntzek arrakasta ekarri diote jaialdiari, eztabaida guneak ehunka pertsona bildu ditu, eta zinema gelak film labur zein luzeekin berezitasun bat gehiago ukan du eskaintza arloan, baita liburutegiak ere, jendeak bere liburuak ekarri ditu eta areto eder bat osatu dugu denon artean» erranaz pozik agertu zen Labrouche, eta hurrengo urtean esperientzia errepikatu eta handiagotuko dutela baieztatu zuen. «EhrZ musika lehiaketarekin nazioarteko 11 talde bildu ditugu hemen, eta ez zuten gure herria edo hizkuntza ezagutzen; harremanak sakondu ditugu eta ideia hau errepikatzeko desira piztu zaigu», adierazi zuen Bolokik. Lekorneko auzapezak ere zoriondu zituen gazteak, erakutsitako «seriotasun eta profesionaltasunarengatik», eta hiru urte gehiagoz EHZ beren lurretan ospatuko dutela ilusio handiz ekarri zuen gogora. «Gainera, herritarrak ere ari izan dira lanean, gazteak batez ere, elkarlana baikorra izan da, eta biziki poztu naiz lehen egunetik beretik inguruko haurrek parada ukan dutelako jaialdia ezagutzeko, ez soilik heien gurasoek. Horrek etorkizun eder bat ageri du», nabarmendu zuen Lucien Betbeder auzapezak. J.GARMENDIA