naiz
donostia

EHNE eta ENBA sindikatuen arabera, Aldundiak hildako ahuntzak kontrolpean zeuden

EHNE eta ENBA sindikatuek pasa den abuztuaren 26an Izarraitz inguruetan Gipuzkoako Aldundiko basozainek hildako ahuntzak kontrolpean zeudela salatu dute eta lege baldintza guztiak betetzen zituztela ohartarazi.

EHNE eta ENBA sindikatuen prentsaurrekoa, ahuntzen gertakariaren inguruan. (EHNE)
EHNE eta ENBA sindikatuen prentsaurrekoa, ahuntzen gertakariaren inguruan. (EHNE)

Gipuzkoako Aldundiak emandako azalpenen guztiz kontrakoa agertu dute EHNE eta ENBA sindikatuek. Beraien iritziz, basozainek abuztuaren 26an hildako ahuntzak kontrolpean zeuden eta lege baldintza guztiak betetzen zituzten. Bederatzi izan omen ziren hildako animaliak eta beste bi zauritu zirela ere esan dute.

Adierazi dutenez, egun horretan, goizeko 07.00ak aldera, bi artzain Azpeitiako Kiruri jatetxean geratu ziren mendirako bidea hartzeko. Mendira gerturatzen ari zirela, basozainen autoak ikusi omen zituzten, baita tiroak entzun ere. Haietako bat gertatzen zena ikustera gerturatu zen eta basozainak ikusi zituen eskopetak eskuan. Argazkiak ateratzen hasi eta haiekin liskarra ere izan zuela ohartarazi dute sindikatuek.

Uxaldia lur pribatuetan gertatu zela salatu dute eta artzainak abixu eman ziola jabeari. Honek ertzain-etxean salaketa jarri zuela jakinarazi dute.

Hurrengo egunean Aldundiko basozainen arduradunarekin hitz egiten saiatu zela agertu dute, baina ez omen zuen harremanetan jartzea lortu. «Oraindik ere ez du erantzunik jaso Aldunditik eta hori dela medio urjentziazko bilera eskera egin diogu sindikatuok», esan dute.