NAIZ
BILBO

Palestinako goi ordezkari politikoekin bildu da Amaiur

Herrialde arabiarretara egiten ari den bidairen baitan, Jon Iñarritu Amaiurreko diputatua Palestinako goi ordezkari politikoekin eta bestelako eragileekin bildu da. Okupazioa «berehala» bukatu behar dela nabarmendu du eta nazioarteari dei egin dio gatazkaren konponbidean esku har dezan.

Jon Iñarritu, aurrean Abdullah Abdullah, Rahela Diab eta Khalida Jarrar dituela. (NAIZ)
Jon Iñarritu, aurrean Abdullah Abdullah, Rahela Diab eta Khalida Jarrar dituela. (NAIZ)

Azken egunotako kontaktu errondaren baitan, Palestinako Kontseilu Legegileko ordezkariekin biltzeko aukera izan du Iñarrituk.

Abdullah Abdullah Gai Politikoetarako Batzordeko presidentearekin eta Rahela Diav eta Khadila Jarrar diputatuekin elkarrizketatu da Amaiurreko ordezkaria giza eskubideen urraketak aztertzeko.

Horrez gain, diputatu abertzalea «Stop thw Wall» elkartearekin, Giza Eskubideen batzorde independentearekin eta presoei laguntza emateko elkartearekin ere egon da.

Bi'lin herrian israeldarrak eraikitzen ari diren harresia, Zisjordaniako asentamendu kolonoak, Ramallah, Bethlehem, Hebron edota Aida errefuxiatu eremua ere bisitatu ditu Iñarrituk.

«Okupazioari amaiera eman behar zaio berehala» nabarmendu du Amaiurreko diputatuak, eta nazioarteari zuzendu zio, «gatazkan esku har dezan injustizia honi behin betiko bukaera emateko».

«Palestina eta Israelgo gizarteetan, gehiengo zabal bat bi estatuen arteko harremanak sendotzearen alde dago, baina eguneroko errealitateak ez dio desio eta nahi horri erantzuten», esan du Iñarrituk. «Palestinak bere estatu propioa izan behar du eta errefuxiatuek etxera itzuli behar dute egoera normaldu dadin», nabarmendu du.

Datozen egunotan ere Palestinako eragile sozial eta politikoekin bilerak egiten jarraituko duela iragarri du koalizioak, bertako egoera beren beregi ezagutzeko eta, ondoren, ekimen parlamentarioak bultzatzeko.