NAIZ
BILBO

Biharko lanuzteetan parte hartzeko deia egin dute Osakidetzako sindikatuek

«Galdutako enplegua berreskuratzeko, lan-karga onargarriekin lan egiteko, osasun zerbitzua hobetzeko eta soldata diskriminazioak kentzeko», Osakidetzako sindikatuek grebara deituzte langileak, bihar, 11.00etatik aurrera.

Osakidetzako sindikatuen elkarretaratze bat. (Juanan RUIZ/ARGAZKI PRESS)
Osakidetzako sindikatuen elkarretaratze bat. (Juanan RUIZ/ARGAZKI PRESS)

Ohar bateratu baten bitartez, Osakidetzan ordezkaritza daukaten sindikatuek dei egin diete langileei biharko deitu dituzten lanuzteetan parte har dezaten. Goizeko txandetan, 11.00etan hasiko dira eta arratsaldeko txandaren lehen lau orduetan ere izango dute eragina.

Horrez gain, eguerdian elkarretaratzeak egingo dituzte Bilbon (Kale Nagusiko 62. zenbakian), Gasteizen (Arabaka kalea, 45) eta Donostian (Pio XII).

SATSE, ELA, LAB, SME-FHH, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek osasun zerbitzua hobetzeko negoziaketarako borondatea berretsi dute.

«Enpleguaren inguruko konpromiso argi bat, lan-kargen hobekuntza eta garapen profesionalaren eteteak ekarri duen soldata eskala bikoitza kentzea lortu arte» mobilizatzen jarraituko dutela iragarri dute.

«Azken hiru urteotan 3.000 lanpostu suntsitu dira Osakidetzan, 8.000 langile hilero ari dira lanean behin-behineko kontratuekin eta urtero 500 langile baino gehiagok hartzen dute erretiroa», sindikatuek azaldu dutenez. «Magnitude horien aurrean bi urteren artean 474 lanpostutako eskaintzaz hitz egitea, lanpostu suntsiketa eta prekarietatearen aldeko apusuta izateaz gian, gizarte osoari burla egitea da», salatu dute.

Bestalde, lanuzteetarako ezarri diren «neurrigabeko» gutxieneko zerbitzuak kritikatu dituzte sindikatuek. «Osakidetzaren urduritasunaren seinale da eta argi erakusten du langileak isilarazteko asmoa dutela», gaineratu dute.