NAIZ

Lanuzte aldia abiatu dute Osakidetzako langileek

Sindikatu guztiek elkarrekin deituta lanuzte aldia abiatu dute gaur Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako osasun zerbitzu publikoko langileek. Sindikatuek Lakuako Gobernuak ezarritako gutxieneko zerbitzuak «gehiegizkoak» izan direla salatu dute eta Osakidetzak lanuztearen jarraipena %6,52koa izan dela esan du.

Lakuako Gobernuaren egoitzaren aurrean elkarretaratzea egin dute Osakidetzako langileek. (Luis JAUREGIALTZO/ARGAZKI PRESS)
Lakuako Gobernuaren egoitzaren aurrean elkarretaratzea egin dute Osakidetzako langileek. (Luis JAUREGIALTZO/ARGAZKI PRESS)

SATSE; ELA, LAB, SME-FHH, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek deituta lanuzte aldia abiatu dute Osakidetzan. Lan txanda bakoitzean lau orduko etenak egingo dituzte eta gaur 11.00etatik aurrera eta arratsaldeko txandako lehen lau orduetan izan du eragina.

Langileen eskari nagusiak galdutako enplegua berreskuratzea, lan-karga onargarriak ezartzea eta soldata diskriminazioak bertan behera uztea dira. Sindikatu guztiek elkarrekin adierazi dute azken urteetan murrizketak nagusitu direla Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako osasun zerbitzu publikoan eta lanpostu «galera izugarria» eragin duela horrek. Gainera, osasun zerbitzuaren kalitateak nabarmen okerrera egin duela salatu dute. 

Datutan, hiru urtean 3.000 lanpostu galdu dira Osakidetzan, sindikatuen datuen arabera, eta 8.000 dira hilero behin-behineko lan kontratuekin ari direnak. Urtero erretreta 500 langiletik gorak hartzen du. Datu horiek eskuan, Lakuaren 474 lanpostu sortzeko eskaintza publikoa «gizarte osoari burla egitea» dela uste dute langileen ordezkariek.

Eguerdian mobilizazioak egin dituzte sindikatuek hiru hiriburuetan eta lanuzteak izan duen eragina neurtzea zaila dela esan dute, izan ere Lakuako Gobernuak ezarritako gutxieneko zerbitzuak «neurrrigabekoak» direla salatu dute. Horrek langile askori deialdiarekin bat egitea eragotzi die, sindikatuen arabera. Nolanahi ere, erantzuna «positiboa» izan dela uste dute eta goizeko txandan hainbat zerbitzutan eragina «garrantzitsua» izan dela esan dute.

Osakidetzako zuzendari nagusi Jon Etxeberriak, berriz, goizeko txandan lanuztearen jarraipena %6,52koa izan dela adierazi du. Azaldu duenez, 14.100 langileri zegokion goizean lan egitea eta horietatik 920k egin dute lanuztea. Bizkaian izan du jarraipen handiena (%7,6), ondoren Araban (%5,6) eta azkenik Gipuzkoan (%3,4), betiere Osakidetzaren datuen arabera.

Beste lau greba egun

Gaurkoa lanuzte aldi baten hasiera da. Izan ere, hurrengo asteetan herrialde bakoitzean egun osoko grebak deituko baitituzte langileen ordezkariek aurrez konponbiderik aurkitu ezean. Hilaren 13an Araban izango da, 20an Gipuzkoan eta 27an Bizkaian. Abenduaren 4ean hiru herrialdeetan egingo dute greba.