NAIZ
DONOSTIA

Fagor berria labe eta egoste plakak ekoizten hasi da Garagartzako lantegian

CNA Group taldearen Garagartzako fabrikak ostegun honetan ekin dio ekoizpenari lehen labe eta egoste plakak egiteko. Aurreneko eguna «mantso baina irmo» hasi da, produkzio kateak behar bezala funtziona dezan eta ekoizten diren produktuak «primerakoak» izan daitezen.

Fagorrek prentsa ohar bidez jakinarazi duenez, goizean goizetik langileek fabrikan bertan prestakuntza jaso dute, lanpostuak ezagutzeko, makinetara egokitzeko eta ekoizpena bere osotasunean egokiena izan dadin lortzeko.

Mekanikariak duela hilabete hasi ziren lanean makina guztiak prest uzteko eta gaur beste langile talde bat hasi da lanean ekoizpenari hasiera emanaz. Datozen asteetan pixkanaka langile gehiago batuko dira taldera.

Egindako lehen lanak, bakoitzari dagokion produkzio kateko postuan, aurre muntaia eta 'picking' edo pieza hornikuntza izan dira. Lanok prozesuko parte oso garrantzitsua dira ekoizpenean eta logistika katean eragin zuzena dutelako. Produkzio lineak hornituta, aurre muntaiarekin hasi dira.

Garagartzako fabrikako arduradunek baieztatu dute makinak «egoera ezin hobean» daudela, ekoizpen katea ondo funtzionatzen ari dela «eta langileekin batera ilusio handiz hasi direla lanean». Garagartzako ekoizpen zuzendaritzak aurreratu du datorren astean langile gehiago hasiko direla lanean labeen eta egoste plaken muntaiari ekiteko.

Fagor CNA Group taldeko zuzendaritza pozik dago Garagartzako ekoizpena hasi delako, «Fagor berriaren etxetresnen produkzioan aurrerapauso garrantzitsua baita». «Fagorreko produktuak laster erabilgarri izango dira mundu guztiko etxebizitzetan», adierazi dute.