NAIZ
DONOSTIA

Javier Sotil izango da Mondragon Korporazioko presidente berria

Javier Sotil izango da Mondragon Korporazioaren presidente berria, Batzorde Iraunkorrak baieztatu duenez. Txema Gisasolak utzitako ardura bere gain hartuko du bergararrak.

Javier Sotil. (MONDRAGON TALDEA)
Javier Sotil. (MONDRAGON TALDEA)

Mondragon Korporazioaren Batzorde Iraunkorrak Javier Sotil hautatu du Txema Gisasolak utzitako tokia betetzeko. Korporazioaren hurrengo kongresuan, abenduaren 15ean, berretsi beharko dute izendapena, baina taldeko iturriek azaldu dute «historikoki» inolako arazorik gabe burutu den izapidea izan dela.

MCCk krisi sakon batean murgildu zen Fagor Etxetresnen porrotaren ondorioz eta iragan urtarrilean dimisioa eman zuen Txema Gisasola taldeko presidenteak.

Une hartan, Batzorde Iraunkorrak Gisasolaren ordezkoa hautatu bitartean kudeaketaz arduratzeko talde bat sortu zuen. Honako kideak daude talde horretan: Laboral Kutxa eta Eroskiko presidenteak, Txomin Garcia eta Agustin Markaide; eta taldearen industria arloko Xabier Mutuberria eta Javier Sotil bera. Azken hori izango da Korporazioaren lehendakaria.

Sotil bergararra da, ingeniaria. Hainbat kooperatibatan lan egin du (Ulma, Impreci, LKS...) eta nazioarteko merkatuen eta negozio berrien sustapenean ere jardun da. Mondragon Unibertsitateko eta Garaia Berrikuntza Gunearen lehendakari ere bada.

Pozik agertu da kargu berriarekin eta «anbizio handiko» erronka dela esan du.