NAIZ
BILBO

LABek ekimen bat jarriko du martxan FVEMen hitzak gezurtatzeko

2015ari begira LABek egiten dituen aurreikuspen eta proposamenen berri emateko sindikatuak eskaini duen pretsaurrekoan azaldu duenez, langileek lanerako duten «borondatea eta gogoa» FVEMri helaraztea izango da urte berriko ildoetako bat.

Aihoa Etxaide eta Asier Imaz, Bilbon egiten duten agerraldian. (Luis JAUREGIALTZO/ARGAZKI PRESS)
Aihoa Etxaide eta Asier Imaz, Bilbon egiten duten agerraldian. (Luis JAUREGIALTZO/ARGAZKI PRESS)

LABek prentsaurrekoa eskaini du 2014ko industriaren, enpleguaren eta ehun produktiboaren gaineko irakurketa egin eta 2015ari begira sindikatuak egiten dituen aurreikuspenak plazaratzeko. Ainhoa Etxaide idazkari nagusia eta Asier Imaz agertu dira prentsaurrean.

Hala, 2015ari buruz hitz egiten hasteko 2014ak utzi duen egoera gogora ekarri behar dela adierazi dute. Bi parametrotan aztertu dute pasa den urtea: datu errealak eta erreforma legal ezberdinak. Datuei dagokionez, industriari dagokionean, behintzat, 2014a ez dela urte ona izan adierazi dute, ehun produktiboa eta enpleguaren «suntsiketak» aurrera darraielako.

Erreforma ezberdinei buruz, aldiz, zera adierazi dute. Batetik, negoziazio kolektibo sektorialaren «blokeoa» erabiltzen ari direla enpresetan; bestetik, kaleratzeak errazteko bitarteko berriak dituztela hauei esker; autonomo «faltsuen» sorrerak asko egin duela gora; eta, azkenik, gizartean dagoen «gain-kalifikazioa» ari direla erabiltzen.

Gauzak horrela, eta 2015ari begira jarrita, lan baldintzak eta enplegua «erasotzen» jarraitzen den bitartean enplegurik ez dela sortuko adierazi du Etxaidek. «Krisia pasatu dela eta hainbat lanpostu sortuko direla diote, baina baldintzei buruz ezer aipatu gabe», ohartarazi du.

Honen aurrean, ekimen bat jarri du martxan LABek FVEM patronalaren hitzak gezurtatzeko, «arazoa ez baita langile kualifikatu eta lenerako borondate falta». Hala, hainbat kolektiborekin harremanetan jarriko dira hauek duten borondatea eta lanerako gogoa FVEMera helarazteko.