NAIZ
BILBO

EH Bilduk biharko aldaketa sozialaren aldeko manifestaldiarekin bat egin du

EH Bilduk bihar Bilbon eta Iruñean ospatuko den Eskubide Sozialen Kartaren mobilizazioarekin bat egin du, «helburuak partekatu eta aldaketa politiko eta sozialerako apustua indartzeko arrazoia ere badelako».

Oskar Matute, en la comparecencia de esta mañana en Bilbo. (EH Bildu Bizkaia)
Oskar Matute, en la comparecencia de esta mañana en Bilbo. (EH Bildu Bizkaia)

«Eskubide Sozialen Kartak gizarte justuago bat eraiki nahi du, eredu sozial eta ekonomiko propioan oinarrituta dagoena eta Euskal herritarron artean erabaki eta osatuko duguna», azaldu du EH Bilduren bozeramailea den Oskar Matutek. Hau dela-eta, bat egin dute bihar Bilbo eta Iruñeko kaleetan ospatuko den aldaketa sozialaren aldeko manifestaldiarekin.

EH Bilduk gutun honen edukiak partekatzen dituela adierazi du Matutek eta bat egiteaz gain, «aldaketa politiko eta sozialerako apustua indartzeko arrazoia ere badelako» egin diote gerturatzeko deia jendarteari.

Honen harira, ustezko korruzpio kasu ezberdinak ekarri ditu gogora: «Benetako iruzurra eta susmoa txartela beltzetan eta diru publikoaren xahuketan dago. Hiriko, Kutxabank, Bidegi, Karrantzako mindak edota De Miguel kasuak dira susmopean egon beharko liratekeenak», adierazi du. Horregatik, kasu hauek elektoralismotik urrundu nahi izan ditu.

Zentzu honetan, biharko mobilizazioa pauso berri bat bezala ikusten dute: «Baliabide publikoak xahutzen eta lapurtzen dituzten horiek geldiarazteko garaia da. Ereduari buelta emateko garaia da. Gure erabakitzeko eskubideaz ari garenean, gure politika ekonomiko eta sozial propioak erabakitzeaz ere ari gara, justizia sozialean oinarritutako Euskal Herria eraikitzeko», adierazi du. Bide honetan kokatu du, beraz, ‘Dena erabaki, dena aldatzeko’ kanpaina.