NAIZ
Donostia

Gipuzkoako Foru Aldundiak estali egin du Iruñeaz bide seinaleetan zegoen aipamena

Ez du seinalea osorik kendu, «etorkizunean lehengora itzuli ahal izan dadin». Gipuzkoa Foru Aldundiari Nafarroaz ‘Euskal Herria - Basque Country’ bide seinaleetan egiten zen aipamena «estali edo kentzeko» agindua eman zion EAEko Auzitegi Nagusiak eta lehenaren alde egin du, uste baitu epaibidea aimaitzean Auzitegiak berak ebatziko duela «seinaleak zuzenak direla eta ez diotela inori kalterik egiten». Barcinaren gobernuaren eskariz eman zuen agindua Auzitegiak.

Iruñeko Zitadelaren aipamena zegoen orain zuriz estalitako bide seinalean. (Foru Aldundia)
Iruñeko Zitadelaren aipamena zegoen orain zuriz estalitako bide seinalean. (Foru Aldundia)

A15 errepidean Iruñeko Zitadelaren berri aipatzen zuen bide seinalean zati hori estali egin du Gipuzkoako Foru Aldundiak EAEko Auzitegi Nagusiaren aginduari jarraiki. Epaitegiak bi aukera eman zizkion, bide seinaleak estaltzeko edo kentzeko. Diputazioak estaltzea erabaki du, espero baitu «Auzitegiak helegitearen mamia aztertzen duenean onartzea jarritako seinaleak zuzenak direla eta ez diotela inori kalterik egiten».

Yolanda Barcinaren gobernuaren eskariari jarraiki hartu zuen EAEko Auzitegiak behin-behineko erabakia, ‘Euskal Herria - Basque Country’ izendapenaren baitan ageri ziren Nafarroako aipamenak kentzekoa.

Gipuzkoako Foru Aldundiak Udalbiltzarekin hitzarmena egin zuen Euskal Herriaren nazio egitura indartzeko, saretzea lortzeko eta euskal herritarrtasuna bultzatu eta nazioartean ezagutarazteko. Bide horretan ezarri zituen bide seinale hauek eta aurrerantzean ere bide beretik jarraitzeko asmoa berretsi du gaur Diputazioak.