Oskar Matute EH Bilduko bozeramaileak Bilbon egindako agerraldi baten bidez iragarri duenez, Herritarrak Ahalduntzeko Legea hurrengo larunbatean aurkeztuko du koalizio soberanistak, Portugaleten egingo den ekitaldi baten bidez.
Goizeko 10:30etatik aurrera, Portugaleteko El Solar plazan lan bilera egingo du EH Bilduk eragile sozialekin, legearen edukiak aurkezteko eta haien ekarpenak jasotzeko helburuarekin. Matutek azaldu duenez, norbanakoak alhaldunduz «bakarrik joan ahal izango gara pertsonak jarduera eta erabaki politikoen erdigunean izango diren etorkizun berri eta ilusionagarri bat eraikitzen».
Legea azaroaren 4an erregistratuko du koalizioak Gasteizen. Ordura arte eragile sozial eta herritarren ekarpenak jaso nahi dituzte, legea «herri oso batena» izan dadin. Horregatik, edozein gairen inguruan informazioa «jaso, eztabaidatu eta erabakitzea» dute helburu.
2016a «erabakien urtea» izango dela azpimarratu du Matutek. «Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako herritarrek beraien etorkizuna erabakitzea nahi dugu; bai arlo politikoan, ekonomikoan edota sozialean». Gizarte guztiak parte hartuko duen prozesu bat abiarazi nahi dute «emergenzia sozial garai honi» aurre egiteko.