KOLONBIA, «KALAMUAREN TXINA» BIHURTU NAHIAN
Kolonbiako Gobernua erabilera terapeutikorako kalamua legeztatzeko urratsak egiten hasia da eta Mexikon ere parlamentari batzuek helburu bera duten ekimenak jarri dituzte abian. Txile ere «cannabis sativa» landarea legeztatzeko aukera aztertzen hasi da.

Alabak urteak betetzen dituen bakoitzean, Ines Canok tximeleta bat tatuatzen du bere azalean. Horrela ospatzen du emakumeak txikia epilepsia kronikoari aurre egiteko gauza izatea. Jaio zenetik jasan du gaixotasuna eta orain, kalamuari esker, askoz hobeto dago. Amak hamabi tximeleta ditu tatuatuta. Horiek gogorarazten diote Lunaren sufrimendua arintzea posible dela: lehen, muturreko konbultsioak izaten zituen, nerbio-sistemaren garapena atzeratuta edukitzeaz gain. «Egunero izaten zituen konbultsioak, gorputz-dardara horiek: esnatzean eta lo hartzerakoan. Ordubete egiten zuen dardaraka, bi ordu kasu batzuetan», kontatu dio kazetariari Canok Medellin hiriko etxean. Zazpi urtez altzoan eraman behar izan zuen alaba, oinez ikasi zuen arte.
«Konbultsioa mina da; estutasuna eta ezintasuna. Erabat harrapatzen zaituen mamua da, baina kalamuak lortu du umea hobeto sentitzea: koloreak ezagutzen hasi zen, bakarrik jateko gauza izan zen, independenteagoa zen», dio 36 urteko emakumeak.
Konbultsioen aurkako hamabi botika ezberdin hartu zituen umeak, inolako arrakastarik gabe. Orduan bururatu zitzaion amari erabilera terapeutikorako kalamua erabiltzea&csMarker;: «Konponbide bakarra zen».
Urtarrilean hasi zen Luna txikiari kalamu-estraktua ematen: tanta bat gauero. Hurrengo eguna dardararik gabe pasatu zuen: «Bederatzigarren egunean desagertu zitzaizkion konbultsioak. Mirari bat zirudien. Horregatik iruditzen zait gure lurra hain emankorra izanda, landaretxo horri onura atera behar diogula».
Kanpora joan behar, bertan gaia edukita
Juan Manuel Santosen Gobernua kalamuaren ekoizpena, banaketa, merkaturatzea eta esportazioa arautzeko dekretua prestatzen ari da, betiere erabilera terapeutikorako bada. Kongresua ere gaia aztertzen ari da, zenbat kalamu landatzea legeztatuko duen erabakitze aldera.
Gaur egun Kolonbian legezkoa da 20 landare edukitzea. Erabilera terapeutikorako kalamua legezkoa da 1986az geroztik, baina kasu askotan gaia lortzea zaila izaten da behar dutenentzat. Horixe erraztuko du dekretuak, Paola Pineda Lunaren medikuak AFPri esplikatu dionez: «Oso gogorra iruditzen zitzaidan familiak zatitu behar izatea, atzerrira joan behar izatea, Kolonbian duten guztia saldu eta bestelako aukera terapeutiko baten bila joan behar izatea, guk hemen landare bera badugunean».
1986ko legeak hutsune batzuk zituen eta horiek baliatzen ditu Mauricio Garcia Cannalivio elkarteko sortzaileak kalamua ekoizteko: «Oso lur egokia dugu hemen, primerako lehengaiak. Beraz, oso produktu ona ekoizteko moduan gaude. Beste herrialde batzuetako kalamua era artifizialean ekoizten dute. Hemen ez. Kolonbiak kalamuaren Txina bihurtzeko aukera guztiak ditu».
Kalamua legeztatzeko aukera Mexikon ere aztertzen hasiak dira. Auzitegi Gorenak orain hilabete lau pertsonari baimendu zien aisialdirako kalamua (erabilera terapeutikorik gabe, alegia) landatzea eta kontsumitzea. Marihuana legeztatzeari buruzko eztabaida berehala zabaldu zen herrialdean, legez kontrako drogen aurkako borroka hain tragikoa bihurtu den lekuan.
Azaroaren 9an Enrique Peña Nieto presidenteak berak proposatu zuen adituen arteko eztabaida bat egitea gaiari buruz, eta erantsi zuen legeztatzearen aurkako Gobernuaren jarrera alda dezakeela eztabaidak. Azaroaren 10ean Gobernuaren aldeko Cristina Diaz senatariak erabilera terapeutikorako kalamua inportatzea baimentzen duen proposamena aurkeztu zuen.
Zortzi urteko umearen epilepsia-krisiak
Grace Elizaldek zortzi urte ditu. Epilepsia-krisiak izaten zituen etengabe: orduan bat. Duela hilabete pasatxo kalamua duen botika bat hartzen hasi zen eta geroztik hobeto dago: krisiak arinagoak dira, ez dira hain maiz gertatzen eta askoz ere samurragoak dira. Lo egitea ahalbidetu dio kalamuak. Gurasoek diote tratamendua urriaren 20an hasi zuenetik, umea hobeto egoteaz gain, familia osoak egin duela hobera. «Gau osoa egiten du lotan orain, gauez izaten zituen krisiak ia erabat desagertu baitira», azaldu du Raul Elizalde Garzade aitak.
Monterrey hirian bizi den Gracek Lennox-Gastauten sindromea du. Epilepsia mota horrek konbultsio asko eragiten ditu (egunean 400 izatera iritsi izan dira). Baita desgaitasun intelektuala eta jarrera arazoak ere. Umea horrenbeste sufritzen ikusita, gurasoek auzitegiko bidea hartu zuten. Epaileek pasa den abuztuan eman zieten arrazoia: osasun sistemako buruei agindu zieten cannabidiol izeneko olioa bermatzeko Grace Elizalde txikiari.
«Beste botikak probatu izan ditugu eta oso zapore txarra izaten zuten. CBDak, aldiz, oso ona du. Usaizazu!», dio Mayela Benavides Graceren amak. Kalamutik ateratako botikak ez dio sindromea sendatuko umeari, baina krisiak orain askoz ere jasangarriagoak dira: «Bide zuzenetik goaz». Medikuek esan diete tratamenduaren emaitzarik onenak CBDa hartzen hasi eta handik bi hilabetera iristen direla.
«Agintariek, fede ona badute ere, ez dakite zer egin legea argi ez dagoelako. Eta guraso guztiak ez daude auzitegietako bidea hartzeko moduan, denbora asko exijitzeaz gain, oso garestia baita. Legea aldatu behar da», dio Grace Elizalderen aitak.

Diez bandas navarras rinden homenaje al trovador Fermin Balentzia con un disco tributo

La autopsia confirma el crimen machista en Barakaldo; detenido un hombre de 27 años

Multa de 400 euros por protestar en la inauguración del Culinary Center de Gros

El equipo de gobierno de Iruñea pide la dimisión de Ibarrola y Adanero por «difundir bulos»
