NAIZ
DONOSTIA

Espetxe politika aktore politiko berrien agendan jartzearen beharra nabarmendu du Sarek

«Egunerokoan injustizia eta sufrimendua baino eragiten ez duen harria» da, Sareren aburuz, espetxe politika, eta afera hau «aktore eta eszenatoki berrien mahai gainean» jartzea beharrezkoa dela azpimarratu dute. Bilbo eta Baionako manifestazioen garrantzia nabarmendu dute.

Donostian egin dute agerraldia Sareren eledunek. (NAIZ)
Donostian egin dute agerraldia Sareren eledunek. (NAIZ)

Sareren izenean Donostian egin dute agerraldia Teresa Toda eta Joseba Azkarragak, larunbatean Bilbon eta Baionan egingo diren manifestazioen harira.

Gogor kritikatu dute espetxe politika, duela 27 urtetik euskal presoen eta beraien senideen giza eskubideak «suntsitzen dituen harri handi eta astunaren zama jasangaitza».

Azaldu dutenez, «bere burua demokratikotzat duen» gizartea, nekez gera daiteke «saihetsera begira hain ondorio larriak dituen urraketa hauen aurrean». Dispertsioak 16 hildako eragin dituela azpimarratu dute.

Todak eta Azkarragak esan dute euskal jendarteak ozen adierazi duela «mendekua oinarri duen kartzela politika» honen aurka dagoela. «Egoera hau guztia sostengatzen duen harriak, salbuespen egoerako araudia du oinarri, eta europar lege-gidalerroekin tupust egiten duten heinean, berehala deuseztatu beharrekoa da», azaldu dute.

Gobernu espainol eta frantsesaren jarrerak ere gaitzetsi dituzte: «zurrun jarraitzen dute iraganari so, giza eskubideen bortxaketa eta sufrimenduaren eszenatoki iluna elikatzen, euskal gizarte osoak eskatu eta desiratzen duen bake eta irtenbideari ateak itxiz».

Sareren eledunek esan dutenez, «politikaren eguratsak haize aldakorrak iragartzen dituen garai hauetan, A-20ko hauteskundeetan frogatu bezala, Espainiako politikaren lorratzak, berdin euskal lurretan ere, astindu eta zeresan handia emango duen 2016. urtea aurreikusten da». Horregatik, garrantzitsutzat jo dute euskal presoen eskubideen kontrako «eraso sistematikoaren amaiera» eskatzea eta eskari horren «borondate anitz guztien aldarria ageriko egitea».

«Oinarrizko eskubideez ari garelako –aldarrikatu dute–, beharrezkoa da egunerokoan injustizia eta sufrimendua baino eragiten ez duen harria, aktore eta eszenatoki berrien mahai gainean jartzea».

Hori dela-eta, «harriak mugiarazteko» Bilbon edo Baionan egotearen beharra azpimarratu dute, eta herritar orori «helburu partekatu» honetara gehitzeko deia egin diote.