GARA
BARAKALDO

Azken lan istripua salatu dute kolektibo sozialek eta Barakaldoko Udalak

Astelehenean aldamio batetik erorita hil zen langilearen heriotza dela-eta, laneko prekaritateak «hil egiten duela» adierazi zuten atzo, Barakaldon, kolektibo sozial eta sindikalek eta Udalak.

Aurtengo bigarren langilearen heriotza salatzeko asmoz, Barakaldoko kolektibo sozial eta sindikalek elkarretaratzea egin zuten atzo arratsaldean, Bizkaiko herriko Bide-Onera plazan.

Langabeen Asanblada, Makala Gaztetxea, Berri-Otxoak, Argitan Emakumearekiko Aholkularitza Zentroa, eta ELA, LAB, ESK, Steilas eta CNT sindikatuek antolatuta, laneko prekaritateak «hil egiten duela» salatu zuten elkarretaratzean.

Gogoratu behar da astelehenean 55 urteko langile autonomo bat hil egin zela Barakaldon, bosgarren pisuan zegoela, aldamio batetik erori ostean. Anbulantzian egonkortu ondoren, Gurutzetako Ospitalera eraman zuten, baina arratsaldeko ordu bietan hil egin zen. Langile honen heriotza iragan ostegunean Otxandion gertatutako 41 urteko gizonarenari gehitzen zaio.

Barakaldoko kolektibo sozial eta sindikalek aipatu zutenez, eraikuntzak bizi duen «krisia eta atzerakada» bertan egon arren, sektore honetako siniestralitatea «larritzekoa da». Izan ere, hauen ustez, «nabarmena da ez direla benetako neurriak bultzatzen, ez enpresetatik ez instituzio publikoetatik, lanetan gertatzen diren laneko istripuak gutxitzeko».

Gehitu zutenez, Osalanen datuen arabera, eraikuntza da «mila langileko lan-istripu kopuru handiena» duen sektorea. Intzidentzia indizea «mila langileko 71,5 istripukoa da».

Atzo bertan, asteleheneko lan istripua salatzeko antolatu diren protestei babesa eman zien Barakaldoko Udalak, zinegotziek elkarretaratzeetan parte hartzeko konpromisoa hartuz.

CCOO sindikatuak ere elkarretaratzea egin zuen, goizez, Bide-Onera plazan. Bitartean, ELA, LAB, ESK, Steilas, EHNE eta Hiru berriro elkartuko dira gaur, 11.30ean eta toki berean, lan istripua «ozenki salatzeko».