NAIZ
DONOSTIA

Patxi Agirrezabala zendu da, ELA sindikatuko komunikazio arduraduna

Patxi Agirrezabala, ELAko komunikazio arduraduna eta Batzorde Eragileko kidea, atzo hil zen gaixotasun baten ondorioz. Sindikatuaren baitan ibilbide luzea izan zuen eta azken urteetan komunikazioaren ardura izan zuen bere gain.

Patxi Agirrezabala. (ELA sindikatua)
Patxi Agirrezabala. (ELA sindikatua)

Ohar baten bidez, ELAk bere doluminak adierazi dizkio Patxi Agirrezabalaren familia eta gertukoei. «Ezinbestean, urte luzeetan Euskal Herriko langile klasearen zein ELAren alde eraman duen borroka eredugarria» ere goraipatu dute.

Gogoratu dutenez, Agirrezabalak Zarauzko Salbatore Mitxelena ikastolan hasi zuen bere ibilbidea sindikatu barruan, urteetan ELAko ordezkari izan baitzen. Handik ELAko irakaskuntza alorreko arduradun izatera igaro zen. Bertan hainbat urte igaro eta gero, zerbitzu publikoen federazioan hainbat kargu izan zituen. Besteak beste, federazioko idazkari nagusia ere izan zen.

Sektore publiko eta publifikatuak ELA-Gizalan federazioan batu zirenean, bertako idazkari nagusi gisa aukeratua izan zen. Kargu horretan 2007. urtea arte jardun zuen.

Azken urteotan, 2007tik, Batzorde Eragileko kide izan da, komunikazio alorreko arduradun funtzioan.