NAIZ
IRUÑEA

LOMCEk ezarritako 6. mailako azterketari helegitea aurkeztuko dio Nafarroako Gobernuak

Espainiako LOMCE legeak 6. mailako ikasleentzat aurreikusitako azterketak Nafarroaren eskumenak urratzen dituela uste du Iruñeko exekutiboak eta ez duela ikastetxeen autonomia errespetatzen. Horregatik, helegitea jarriko dute auzitegietan Nafarroan legea aplika ez dadin. Hezkuntza komunitateko hainbat eragilek azterketa hauei planto egiteko asmoa iragarri dute berriki.

LOMCEren aurkako protesta bateko irudia. (Jon HERNAEZ/ARGAZKI PRESS)
LOMCEren aurkako protesta bateko irudia. (Jon HERNAEZ/ARGAZKI PRESS)

Nafarroako Gobernuak gaurko kontseiluan onartu du LOMCE legearen baitan aurreikusitako 6. mailako azterketari helegitea jartzea. Ana Ollo sailburuak azaldu duenez, Nafarroaren eskumenak urratzen ditu azterketak eta baita ikastetxeen autonomia ere. 

Iruñeko exekutiboaren arabera Espainiako legearen arabearko azterketa horrek irakasleen profesionaltasuna zalantzan jartzen du, ikastetxez kanpoko profesionalengan uzten duelako ebaluazioa. Gainera, Nafarroak hezkuntzan dituen eskumenak ere urratu egiten dituela uste du Barkosek gidatutako gobernuak.

Legeaz beraz, Ollok esan du ez duela gaiak beharko lukeen adostasunik eta ez dela egiazko ebaluazioa «ez duelako izaera jarraitua eta orokorra». Gobernuko zerbitzu juridikoek legeari aurre egiteko modurik eraginkorrena aztertzen ari direla iragarri du sailburuak.

Planto deia Hezkuntza Plataformen Topaguneak

Larunbatean batzar orokorra egin zuen Hezkuntza Plataformen Topaguneak eta bertan Iruñeko eta Gasteizko gobernuei LOMCEren ezarpenari aurre egiteko deia egin zieten. Lakuak onartutako Heziberri programa Espainiako legearen aplikazio hutsa dela salatu zuten hezkuntza eremuko eragileek eta 3. eta 6. mailako azterketei planto egingo dietela iragarri zuten.