NAIZ

Morez tindatutako mobilizazio ugari Euskal Herrian zehar

Euskal Herriak mobilizazio ugari biziko ditu gaurkoan. Martxoaren 8arekin batera, bai goizean bai arratsaldean kolore moreak hartuko ditu herri eta hirietako kaleak.

Mobilizazio ugari izango dira gaurkoan Euskal Herrian. © Bob EDME
Mobilizazio ugari izango dira gaurkoan Euskal Herrian. © Bob EDME

Hamaika mobilizazio more izango dira Euskal Herrian gaurkoan. Martxoaren 8arekin «iraultza feminista» aldarrikapena inoiz baino ozenago entzutea dute helburu. Euskal Herriko Koordinadora feministak arratsalderako deitu ditu mobilizazioak Iruñea, Gasteiz, Bilbo, Baiona eta Donostian, baina goizean ere ez da mobilizaziorik faltako.

Baionan, 18:15ean, apezpikuaren etxearen aurrean elkartuko dira. Donostian, aldiz, 19:00ean abiatuko da martxa Bulebarretik. Ordu erdi beranduago, Bilbon, Arriagatik ekingo diote. Gasteiz eta Iruñeko deialdiak, azkenik, 20:00ean abiatuko dira San Anton eta Gaztelu plazatik, hurrenez hurren. Euskal Herriko Koordinadora feministak deialdia egiterakoan gogora ekarri zuen biolentzia «estrukturala» dela eta «ez direla soilik kolpeak».

Era berean, LAB sindikatuak, goizerako beste hainbat mobilizazio deitu ditu. Nafar hiriburuan 12:00ean elkarretaratzea burutuko dute Diputazioaren aurrean. Bilbon, aldiz, supermerkatu batean  egingo dute protesta, «emakumeek bizi duten prekarietatea irudikatzeko» eta Donostian, lan munduan pairatzen duten egoeraren inguruko informazioa banatuko dute.

Euskal Herriko beste hainbat herritan ere mobilizazioak izango dira gaurkoan, eta iragan zein datozen egunetan ere ekimen ugari antolatu dira.