Asier AIESTARAN

Mailaren gorakada errepidean ere nabaritu dadila

Emakumeen Birak World Tourrean sartu asmozegindako aldaketek lasterketaren maila ere koskabat igotzea ekarri dutela dirudi. Irteeran 23 taldeegotea eta ETBk azken etapa zuzenean eskaintzeadira horren bi erakusgarri. Ea aldaketa horiekerrepidean ere onerako izaten diren.

Durangoko Sariak atzo utzitako ikuskizun ederra gogoan, Emakumeen Bira gaur hasiko da Iurretan 3,3 kilometroko aitzin-etaparekin. Euskal Herrian egiten den emakumezkoen itzulirik garrantzitsuena igandean amaituko da bost jardunaldiren ostean, eta lasterketak aurten izango duen parte-hartze oparoak maila bikaina ziurtatzen du.

Orain aste pare bat egindako aurkezpen ekitaldian antolatzaileek jakinarazi zutenez, UCI World Tour zirkuitu entzutetsuan sartu ahal izateko probaren datak aldatu beharra izan zuten, ekainetik apirilera aurreratuz. Baina hasieran arazo izan zena –aurrekontua ere igo egin da eta hori betetzeko ahalegin berezia egin behar izan dute–, azkenean onerako ere suertatu dela esan daiteke.

Kontuan izan behar da Birak Olinpiar Jokoetara sailkatzeko puntuak banatuko dituela, eta horien bila azkenean 23 taldek eman dute izena, iaz baino 10 gehiagok. Gainera, ETBk laburpen zabal bat eskainiko du egunero (21.00) eta azken etapa zuzenean. Webgune berria ere badu (emakumeenbira.eus) Tropela Elkartearekin lortutako akordioari esker. Apustuari eusteko gai bada, lasterketaren mailak nabarmen egingo du gora datozen urteei begira.

Ibilbideari dagokionez, azken urteetako moldetik jarraitu dute antolatzaileek (xehetasunak eta ordutegiak behean zehazten dira). Debagoieneko etapa mantentzen da, Nafarroara bisitatxoa egingo dute, eta Bizkaiko kostaldera ere bai. Hala ere, ostiralean Urkiolan amaituko den etapa erabakigarria izan daiteke, eta tarteko bonifikazioek ere emango dute zer esana.

Boels eta Wiggle

Faboritoak aipatzeko orduan, atzo Durangon ikusitakoaren bidetik, tropelean agintzeko ardura Boels Dolmans eta Wiggle High5 taldeek izango dutela dirudi. Boelsek Megan Guarnier estatubatuarrarekin irabazi zuen atzoko lasterketa, baina bere taldekideak ere ez dira hankamotzak, Evelyn Stevens esaterako, orduaren errekorra hobetu berri duen herrikidea eta atzo 11. postuan amaitu zuena.

Wigglek, berriz, bigarren eta hirugarren postuak lortu zituen atzo, nahiz eta garaipenak ihes egin. Elisa Longo Borghini italiarra eta Emma Johansson, 2013an Bira irabazi zuen australiarra, izan ziren Durangon podiumera igo zirenak, baina Anna Sanchis ere kontuan hartu beharreko izena dela argi dago: atzo 15. postuan sartu zen helmugan.

Hortik aurrera zailagoa da pronostikoak egitea, baina Durangon aurreneko postuetan ibili zirenetako asko Biran ere aurrean ikusiko ditugu. Horien artean, nola ez, Ane Santesteban gipuzkoarra (Ale Cipollini) eta Eider Merino bizkaitarra (Lointek), euskaldun onenak atzo.

Merinok Rocio Garcia, Alicia Gonzalez, Lucia Gonzalez, Cristina Martinez, Eider Merino eta Alba Teruel izango ditu taldekide Lointeken. Bizkaia-Durangok Lourdes Oyarbide, Lierni Lekuona, Mavi Garcia, Hoogeboom, Le Court eta Dalton ipiniko ditu.

 

Aitzin-etapa luzexeagoa eta aldaketatxoekin

Iaz bezala, Bira gaur hasiko da Iurretan aitzin-etapa batekin. Hori bai, aurtengoa luzexeagoa da (3,3 km) eta ibilbidean aldaketa batzuk egin dituzte trafikoa gutxiago oztopatzeko (17.00etan hasiera eta amaiera 19.00ak aldera).

 

Lehen mendateak Debagoienan: Eskoriatza ardatz

Lehen etapa luzea (76,6 km) bihar korrituko da Eskoriatzan hasi (15.30) eta amaituz (17.25). Debagoienak urtero hartu nahi duen etaparen erakusle, Birako lehen mendateak Untzilla eta Gatzaga (7 km-ren faltan) izango dira.

 

Etaparik luzeena Urkiola gainean amaituko da

Ostiralean Etxarritik irten (15.30) eta Urkiola gainean (18.10 aldera) amaituko den etapak 109,5 kilometro izango ditu. Birako luzeena da eta, adi, bonifikazioak banatuko dira bi puntutan. Bira erabakita gera daiteke.

 

Kostaldean gora eta behera, amaitu bezperan

Larunbateko etapa Berriatuan hasi (15.30) eta amaituko da (18.35), aldapaz jositako 105 kilometroko ibilbidean. Hemen ere bi bonifikazio puntu daude, eta bezperan kale egin duenak berea erakusteko parada izango du.

 

Kantabriara bisita azken txapelduna erabakitzeko

2016ko Bira igandean amaituko da Portugaleteko Ballonti merkataritza gunean hasi (11.30) eta amaituko den (13.35) etaparekin. Kantabrian sartu-irtena egingo du tropelak, azkeneko mendate eta bonifikazioei adi.